Astebete baino gehiago egunean hiruzpalau film ikusten eta behin Zinemaldia bukatzean zure buruari zin egin diozu ez duzula bolada luze batean karteldegia begiratu ere egingo. Gehiegi gehiegi dela, ikusi dituzula pertsona normal batek urte osoan ikusiko dituenak baino pelikula gehiago; ezetz, ezin duzula bide horretatik segi, zerbait egin beharra daukazula zure bizitzarekin (igandea da eta, tira, denok dugu dramarako joera handiagoa astelehenaren mehatxupean). Baina behin astelehena iritsita zerbait ikusten duzu, eta berriz ere zinerantz doaz oinak, mozkorrarenak barrarantz doazen grina berarekin.
Oier Aranzabal (aka @zerdionk) 4×4 kazetariaren txio batzuek dute errua: Mary Poppinsen beldurrezko bertsio bat omen dagoela sarean, baita Kubrickek zuzendutako The Shiningen komedia kutsuko moldaketa ere. Faltsuak dira, noski, filmak promozionatzeko egiten diren muntaien estiloko bideook. Pelikula batzuk ia denok ikusi ditugula baliatuz, haien edukia erabat desitxuratu eta umorezko ikus-entzunezkoak sortzea da helburua.
Matrix amodiozko istorio bihurtuta ikusi nahi?
Lehoi Erregea beldurrezko filma zela ez zenekiela?
Nik behintzat orain argi daukat: post-Zinemaldiaren gaitzak jota gauden honetan, post-trailerrak dira pelikulak berriz ikusten hasi ahal izateko hartu beharreko antidotoak.
1 Iruzkin
Oso onak! Ez nuen kontzeptua ezagutzen eta mundiala iruditu zait.
Eskerrik asko!