Egin ezazue justizia Margaret Thatcher-ekin

Gorka Bereziartua
4

Margaret Thatcher

Blog honetan ez dugu sekula gehiegi maitatu biopic generoa, baina datorrenak marka guztiak hautsiko dituela ematen du: Margaret Thatcher Erresuma Batuko Lehen Ministro ohiaren film biografikoa estreinatuko dute urtarrilaren 12an; The iron lady du titulua eta Meryl Streep protagonista. Thatcher da, noski, filmeko heroia, eta mota honetako lan gehienetan bezala, hagiografia egin diote, halako batean —Budak ez dezala nahi— hilko balitz, argi geratu dadin ona, ona, oso ona izan zela hankak bero zeuzkan artean.

Pentsa dezagun orain halako lan zaila eskatu dioten zuzendariarengan: oroagintzaile izandako Thatcherren zein alderdi positibo nabarmendu dezake pertsonak, ordu eta erdiko metrajea bete ahal izateko? Nekeza behar baitu Londresko azken komun publikoa ere pribatizatu nahi izan zuen Burdinezko Damaren alderdi salgarririk aurkitzea. Sindikatuek ez dizute berari buruz gauza txukunik esango; hain gutxi irlandarrek, “Oraindik Thatcher gorrotatzen dut” dioten kamisetekin ibiltzen dira batzuk-eta; Argentinan ere ez diote kariño handirik, Malvinetako gerra bezalako anekdotatxoekin bakarrik akordatzeko joera txar horrekin.
Soluzioa: Burdinezko Dama horixe, dama, andrea, alegia, emakumea dela nabarmentzea. Horretan saiatu da Phyllida Lloyd zuzendaria (“genero- eta klase-harresiak gainditu zituen bere ahotsa gizonen manupeko munduan entzun zedin” leitu daiteke filmaren promo-blogean), eta emaitza, pelikula ikusi dutenek diotenez, Thatcherismorik gabeko Thatcher da.

Niri bidegabekeria galanta iruditzen zait irla britainiarreko herritarren zoria nahierara erabili zuen emakumea horrela erretratazea. Ikuspuntu feministatik salatu beharko litzatekeen injustizia, Margaret Thatcher berdintasun-eredu izan baita besteak beste. Bai, berdintasun-eredu. Haren ibilbide politikotik ateratzen den ondorio argienetako bat zera baita, nire ustez: behin boterea harturik, emakumea gizona bezain gupidagabea, doilorra eta higuingarria izan daitekeela. Eta itxura denez filmak alderdi hori guztia ezabatu nahi du, Thatcher etxekoi, goxo eta intimista erakutsi, ohiko agintarien oso bestelakoa. Funtsean, Thatcher kastratua, Thatcher lighta, Thatcher 0,0. Eta zintzoak izaten hasita, nik behintzat nahiago ditut alkoholdun garagardoa, kafeinadun kafea eta nazka ematen didan Thatcher.

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA