Aspertuta hainbeste biopic-ekin

Gorka Bereziartua
0

Zuri buruzkoa izan dadila azken biopica, Coco!
Zuri buruzkoa izan dadila azken biopica, Coco!

Il divo pelikulaz idatzi nuenean, zeharka bota nuen nire iritzia biopic generoaz, baina artikuluaren helburua beste bat zenez, ez nuen gaian murgil egin nahi izan. Eman, ematen du. Konturatu zarete zenbat ugaldu diren azken urteotan? Coco Chaneli eta Notorious BIG-ri eskainitakoak dira azkenak, eta Espainiako El Cultural aldizkariko Alejandro G. Calvok eztanda egin du. Artikulu horretako pasarte bat itzuli dizuet, nahiko ados nagoelako, eta ezer hoberik gehitzeko ez duzunean… kopiatzea onena, ezta?

Margolariak (Klimt, Modigliani, Séraphine Louis, Pollock), musikariak (Ray Charles, Johnny Cash, Eminem, Notorious BIG., Edith Piaf, Ian Curtis, Bob Dylan, La Lupe…), XVIII eta XIX. mendeetako pertsonaiak (Jane Austen, Devonshire-eko dukesa, Bolena ahizpak, Victoria erregina, Isabel II.a) eta klase guztietako sortzaile artistikoak ( Howard Hughes, Reinaldo Arenas, Coco Chanel, Truman Capote eta Dalí-Buñuel-Lorca hirukotea). Horiek dira argumentu baldarren xede: haurtzaroan norbere gaitasunen aurkikuntza goiztiarra; hazi, gorakada profesionala eta desoreka emozionalak uztartuz; heldutasuna, sormen-arrakastarekin lotuta, baita amiltze pertsonalarekin ere; klimaxa, non gehiegikeriek protagonista kontsumitzen duten eta, azken beltzean, heriotza miserablea, edo berpiztea, bekatuak garbitu ondoren (biopica, melodrama malkotsua eta tragedia klasikoa nahastuta lehertzen da, eta izaten da, esan dugunez, moralista).

Nire ñabardurak artikuluari: azken paragrafoan Last days aipatzen du, eta niri ez zait biopic bat iruditzen. Gus Van Sant-ek Kurt Cobainen heriotza hartzen du oinarri, benetako gertakari bat; baina helburua ez da horren bidez Cobainen bizitzari buruzko “egia” eskaintzea, azkena, definitiboa eta zentzu unibertsala duena, biopic batean bezala. Ariketa estetiko bat iruditzen zait, aipatzen den bezala hiper-errealista, eta minutu asko soberan dituena. Baina ez biopic bat. Ze, bestela, Elephant, Columbine institutuko tiroketan oinarritua, genero dokumentalean sartu beharko genuke. Eta ez.
Sailkapenak gorabehera, zinemaren joera hau literaturan azken aldian asko ugaldu den masa-fenomeno batekin lotu daiteke erraz: nobela historikoaz ari naiz. Ematen du publiko handiak entretenituko duen narrazioaz gain, bilatzen duela kulturatxo orokor pixka bat emango dion produktua. Irakaskuntza sistemaren hutsuneak airean? Ala geroz eta okerrago ikusten du jendeak oinarri-oinarrizko kulturarik ez edukitzea? Egin apustuak andre-jaunok!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA