Pentsatu honetan: lanpostu bat ematen dizutenean, infernu txiki gogaikarri bat ematen dizute, produkzio kateko begi izateko aukera; ziega bat, ateak irekita. Ez dizute lanpostua bakarrik ematen, ongi etorri Jauregi & Jauregira, kafe asko eta soldata gutxi, hitz egingo dugu oporrez; ez dizute goizero loa izorratzen dizun esnatu beharra bakarrik ematen. Ematen dizute –eta badakite, okerrena da badakitela–, eguna hiru zortzikotan banatzeko obligazioa, denbora ordenatu beharra; ordena hori ona dela pentsatzeko joera. Ematen dizute lana galtzeko beldurra, zu baino gazteagoa, azkarragoa, merkeagoa dena nola edo hala geldiarazteko misioa. Ematen dizute enpresan gora igo nahia; ematen dizute pentsatzea, zenbat eta gorago orduan eta urrunago izango dituzula bankuetako marrazoak; ematen dizute zure lanpostua lagunen lanpostuekin konparatzeko ohitura, soldata, ordutegia, egonkortasuna. Ez dizute lanpostu bat ematen, zuk ematen diozu zure burua lanpostuari. Eta azkenaldian, ez dizute lanposturik ematen. Eta kito.
1 Iruzkin
egia berdaderoa, eta ematen digutenean, ematen badigute, ze esker txarrekoak garen….