Viagra saldu nahi dizuten lagunak hauek dira

Gorka Bereziartua
0

Spam? Ez, eskerrik asko

Badira pertsonen historian erantzunik inoiz aurkitu ez duten galderak. Batzuk filosofiko eta sakonak (“Zergatik?” klasikoa); etxekoagoak besteak (“Nondik ateratzen dira goizeko zilborreko kotoi-pilotak?” ala “Nork asmatzen ditu txisteak?”). Aitortu behar dut gaur arte e-postara iristen zitzaizkidan spam mezuen jatorria misterio handi horien artean neukala. Eta gaur arte diot, misterioa argitu baita azkenean.
Sarean saltsan IT News webgunera iritsi naiz eta hango titular batek begiak plater eginda utzi dizkit: hiru segunduro sortzen da spam-arekin erlazionatutako atari berri bat Interneten. 23.300 webgune berri egunean, zaborra sortzeko baino balio ez dutenak. Gogoratzen “txinatar guztiek batera jauzi egingo balute…” esaldia? Eta spammer guztiek batera egingo balute salto?
Baina harira, goazen errudunei izenak jartzera. 2008ko lehen hiru hilabeteetan Turkia izan da hazkunde handiena izan duen herrialdea, emisioen ia %6 da eurena. Joan den urteko azken hiruhilekoan munduko spam mezuen %3,8 baino ez zuen bidaltzen. Errusiaren hazkundea nabarmentzeko modukoa da: 2007ko lehen lauhilekoan %3; urtebete beranduago %7,4. Tropelean postuak irabazten Britainia Handia ere, 12. postutik 10.-era igo da. Eta noski, bestelako kutsadura ranking-etan buru egiten duen herrialdea ezin falta: AEBak dira oraindik spammer handienak. Kezkagarria zera da, besteak tartea jaten ari zaizkiola. Noizko spamarekin bukatzeko Kiotoko protokoloaren antzeko zerbait?
Geurean ezingo gara kexatu, euskal spammerrak identifikatu eta salatzen diharduten blogari kontzientziatu batzuk baditugu-eta. Dena dela, duda txiki bat geratzen zaio euskal internautari: spama euskaraz jasoz gero, hizkuntzaren normalizazioaren mesedetan bada ere, ez al genuke artxibo berezi batean gorde behar ezabatu ordez? Ez, ez dut uste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA