Irribarre palestinarra

Gorka Bereziartua
0

'Eid milad Laila' filmeko irudi bat

Travis bezala Abu Laila lanera abiatu da bere taxian. Travis bezala Abu Laila ez da berez taxi gidaria, baina lanen bat behar du epaile plaza ematen dioten bitartean. Travis ez bezala, Abu Laila Palestinan bizi da. Eta ikusleak hasieran pentsatuko du ikaragarrizko drama eskaini behar diotela. Bi gauza argitu behar dira Eid milad Laila-ri buruz hitz egin aurretik: 1) Ikusle honek hasieran pentsatu zuenaren kontrara, hau ez dela Taxi driver-en bertsio palestinarra; eta 2) komediatik gertuago dagoela dramatik baino.
Abu Lailaren lan egun bat kontatzen du pelikulak: norbait taxian hartu, beste norabait eraman… Ez luke zaila izan behar, Israelen okupazioarengatik ez balitz. Baina okupazio hori, bada izan, eta jornala modu normal samarrean irabazi nahi duenari alimaleko trabak eragiten dizkio: bonbak erortzen dira zerutik eta norbaitek taxia hartzen dizu zaurituak ospitalera eramateko; gizon armaturik taxian hartu nahi ez duzunez tontoa zarela esaten dizute; jendea gosez dagoenez bidaia erdian gelditzeko esaten dizute, Hamas edo Fatah-koak (ez du asko axola) janaria ematen ari direlako…
Istorio txiki horiek taxistaren bidez josten dira eta pelikularen motibo nagusiaren kontrapuntua eskaintzen dute. Izan ere, Abu Lailak goiz iritsi nahi du etxera bere alaba Lailaren urtebetetzea ospatzeko. Baina urtebetetze tarta erosteko izugarrizko problemak izango ditu aipatu istorioen eraginez.
Film korrektoa iruditu zait: kontatu behar duena kontatzen du, ez da gehiegi olgatzen gatazka armatuaren miserietan eta, esan bezala, umore fina darabil. Txispa gehiago falta ez ote duen, ordea; beharbada, benetako egoeraren beltzagatik pelikularen alde parodikoa leundu dute. Beharda, diot. Noski, erraz eskatzen dugu Lasartetik Palestinako gatazkaz hitz egingo digun komedia sabel lehertzailea. Hobe genuke Euskal Zeraz komedia bat eskatzea, ze atzo La casa de mi padre ere ikusi genuen eta  barre egin, bai, baina negar ez egiteagatik (eta, badaezpada, honekin ez dut esan nahi drama modu eraginkorrean kontatua dagoenik).
EID MILAD LAILA
Sail Ofiziala
Fitxa teknikoa. Zuzendaria: Rashid Masharawi. Aktoreak: Mohamed Bakri, Areen Omari, Nour Zoubi. Tunisia-Palestina-Holanda. 71 minutu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA