Behin baino gehiagotan gomendatu izan didatenez, atzo, azkenean, jarri naiz ordenagailuaren aurrean Peter Joseph-en Zeitgeist (2007) dokumentala ikusteko. Bigarren zatia ere badu, Zeitgeist: Addendum (2008), baina ez dut ikusi oraindik (nahiz eta itxura hobea duen aurrenekoak baino). Beraz, blog honen gorriaren gainean zin dagit, ikusi bezain pronto idatziko dudala hartaz ere.
Hiru partetan banatutako filma da Zeitgeist, eta aurrenekoa soberan dauka ikusle europar ateoak, nire ustez, kristautasuna gainontzeko erlijio monoteisten oso antzekoa dela erakusten saiatzen baita. Ez digula mundua deskubrituko, alegia. Interesgarria izan liteke, jendea Da Vinci kodea eta tankerako produktuak irakurri bakarrik ez, sinetsi ere egiten ari den garaiotan, baina esan bezala, ni ez nau gehiegi konbentzitu. Batez ere, Dan Brownen lanetako efektuen antzekoak, asko soma daitezkeelako dokumentalaren lehen partean. Dena dela, AEBetan beharbada beste zentzu bat izango du…
Bigarren zatian I-11ko atentatuez egiten du berba. Bushen administrazioak atentatua antolatu zuela pentsatzeko frogak eskaintzen ditu, baita horretarako motibazio posibleak eskaini ere. Iritzi giroa sortzea da, filmaren ustez, erasoen helburua. Giro hori erabiliko da gero, eskubide zibilen murrizketa ahalbidetzeko; baita Irakeko eta Afganistaneko inbasioak justifikatzeko ere. Hori baieztatzeko ere, ez dut uste kopetan argi berezirik behar denik. 2007. urtea baino lehen ere bagenekien gerra horiek aitzakia faltsuekin egin zituztela. Gainera, Michael Moore-ek egina zuen 2004an Farenheit 9/11 filma, ildo beretik tiraka. Dena dela, honek ere AEBetan beharbada beste zentzu bat izango du…
Baina sar gaitezen filmaren zati mamitsuan: hirugarren parteak erakusten digu familia boteretsuek AEBetako Banku Zentrala desagerrarazi ondoren nola sortu zen Erreserba Federala. Nolako boterea duen, nola bere interesdun maileguen sistemak AEBen printzipio fundazional liberal klasikoak kolokan jartzen dituen. Bankari garrantzitsuenez (Rotschild, Rockefeller, Morgan) hitz egiten du, esaten du XX. mendeko gerra handietan, beti egon direla gortina atzean. Hortik Iparramerikako Batasunaren balizko proiektuaz hitz egitera pasatzen da (filmean gauzatutzat jotzen dute), Munduko Gobernua sortu aurreko urratsa izango dela dio, hori dela bankari horien helburua: gutxi batzuen eskuetan biltzea indar guztia, herritar denak neurri bereko zapatetan sartuz.
Eta harrigarria egiten da, hori salatu asmo duen film batek ondoko pernandokeria botatzea segidan:
Erlijioak, abertzaletasunak, aberastasunak, klaseak eta beste edozein banaketa arbitrario eta separatistak aukera eman du populazioa kontrolatzeko, eta, gutxi batzuen eskuetan, erabat gaiztotu ahal izateko.
Film iraultzailetzat neukan honek, ez du gainditzen soziologiako lehen mailako edozein ikaslek dakiena. Alegia, “banaketa arbitrario”-tzat jotzen diren horiek, ez direla, izan, hain arbitrarioak. Pertsonak animalia sozialak garela, identifikazio eremuak behar ditugula “ni” kategoria partikularraren eta “mundua” kategoria abstraktuaren artean. Eta horregatik funtzionatzen dutela, beraien kontraesan eta guzti, aberrian, klasean edo erlijioan oinarritutako gizarte mugimenduek, beste batzuk ez aipatzearren. Iraultza ez da horiek guztiak baztertuta tabula rasa egitea (bide batez, oso zaila dena, animalia soziala izateaz gain, prozesu historiko ugariren fruitu ere bai baita pertsona); eta hori aldarrikatzea, beraz, maniobra argumental eskasa dela uste dut, are gehiago filme honetan bezala, bukaeran eta presaka egiten bada.
Finean, Zeitgeist film liberala da. Antzematen zaio, iradokitzen duenean egokiagoa zela AEBen aislazionismoa bi mundu gerren hastapenetan, interbentzioa baino. Baita, liberal klasikoek hainbeste maite zuten urre patroia nostalgiaz gogoratzen duenean ere.
Noski, “liberal” hitzak beste zentzu bat du AEBetan… Baina “banaketa arbitrario” batzuen erruz, lerrook sinatzen dituenak ezkerra anarkismoarekin, sozialismoarekin eta komunismoarekin lotzen du, eta nekez ikusiko du proiektu eraldatzaile baten hazia horrelako proposamenetan. Are gutxiago dokumentalaren argudio askok hain oinarri makalak dituztenean (batez ere ekonomiaz mintzo denean).
Erbia esan eta katua eman didatela, alegia. Zeitgeist: Addendum-ek behintzat itxura hobea du. Banketxeak nola boikoteatu erakusten duela esan didate… Baina tira, ezin jakin. Kontatuko dizuet. Bitartean, dokumentala ikusteko gogorik geratu bazaizue, hemen behean daukazue (azpitituluak gaztelaniaz daude).
Zeitgeist – Peter Joseph
4 Iruzkin
Ezer baino lehen Zeitgeist Addedum bigarren filmaz ohartarazi nahi nizuke Gorka. Zeigeist lehen filmak “AEBetan beharbada beste zentzu bat izango duela” uste baduzu, bigarrenak esaldi hori berea egingo du erabat. Ea horrek dokumentala ikusteko gogoak xaxatzen dizkizun.
Tira, filmaren mamiari helduz, lehendabiziko atala bonba bat iruditzen zait. Ateoa delako ez, baizik eta gizakiak gaur egun menderatzeko erabiltzen den mito handiena deseraikitzen duelako argudiaketa historiko bizi batez. Hori egiten lehen dokumentala dela iruditzen zait.
Bigarren atala bikaina deritzot. Modu sinple eta historiografiko batean AEBek historian zehar sustatu eta egin dituzten gerrei errepaso polita ematen diote. Gorkak antza “bazekien gerra horiek aitzakia faltsuekin egin zituztela”, ni ordea ez nago hain seguru, eta AEBetan eta Europan beharbada beste zentzu bat izango duela uste dut. Gogoan bait daukat 2001. urte amaieran nola nazioarteak eta jende andanak ahoa batez onartu zuen Afganistango taliban (eta herri afgandar) “maltzurren” aurkako gerra.
Azken atalari Gorkak “zati mamitsua” esaten dion horretan nire ustez testuingurutik aterata dagoen pasarte honi pernandokeria irizten dio:
“Erlijioak, abertzaletasunak, aberastasunak, klaseak eta beste edozein banaketa arbitrario eta separatistak aukera eman du populazioa kontrolatzeko, eta, gutxi batzuen eskuetan, erabat gaiztotu ahal izateko”.
Bitxia da Gorka, baina baieztapen horretan ez duzu erabili testuan birritan aipatzen duzun hausnarketa hau: “AEBetan beharbada beste zentzu bat izango du…”. Izan ere, eta nire ustez Zeitgeisten azaltzen den ideia hori AEBetan eraikuntza eta ezarkuntza prozesuan kokatu beharra dago, non estatu iparamerikarrak erlijoak, nazionalitateak, arrazak etab. giza ezaugarriak erabili zituen (eta dituzte) herritarren arteko borrokak bultzatzeko eta horrela Estatuaren biziraupena ahalbideratzeko (gehiagorako Howard Zinn-en Hiru argitaletxeak itzulitako “La otra historia de los Estados Unidos” liburura jo).
Bestalde, aspektu ekonomikoari dagokionean egia da filmak ez duela proposamen zehatzik egiten. Komeni da gogoratzea jendeari hau dokumental bat dela eta ez manifestu bat. Nolanahi ere, mundu ekonomia sistemaren nondik-norakoak modu “sinplean” ulertu ahal izateko tresna paregabea iruditzen zait. Maiz korapilotsua azaltzen den sistema ekonomikoa jende arruntak ulertzea dela hemen helburua iruditzen zait.
Azkenik, Bereziartua jaunaren kritika parte batean zuzena dela onartu beharra daukat, ezin ukatu dezakeedalako Zeitgeist the movie delakoa produktu iparamerikar bat dela. Noski batek baino gehiagok esango zuen moduan komunismoa produktu errusiarra zela, edota anarkismoa espainola eta horregatik ezin zitekeela esperientzia horietatik ezaugarri positiboak atera. Nire ustetan, Zeitgeist filmak gauza positibo eta negatibo ugari ditu, horregatik ikusi beharreko filma iruditzen zait eta jende guztia ikustera animatzen dut!!!
Aupa Friker, mila esker hain erantzun zorrotza emateagatik!
Puntuz puntu:
1. Nik ez dut filmaren lehen partea baztertzen ateoa delako. Alderantziz, ateoa izatea oso positiboa iruditzen zait. Baina Jesukristoren jatorria astroetan dagoela demostratzea ez zait interesgarria egiten, kezka metafisiko handiegirik ez dudalako, besterik ez. Ulertzen dut azken hamarkadetan, batez ere AEBetan, baina ez han bakarrik, eskuin mutur kristaua izaten ari den gorakada ikusita kontrako erreakzio bat beharrezkoa izatea, baina nik ez dut hori bizi, eta beraz, ez da harrapatzen nauen gai bat. Uste dut europar askori berdin gertatuko zaiela, eta horregatik jarri dut “soberan dauka ikusle europar ateoak” esaldia.
2. Bigarren partean auzitan jarri nahi dudana da eduki hori 2007an kontatzeak zer berri eskaintzen duen. Eta bai, jende askok bazekien gerra horiek aitzakia faltsuekin egindakoak zirela (Irak behintzat, nabarmen; eta bide batez, ez zen auto-atentaturik egin behar izan inbasioa justifikatzeko; konspiranoiak entretenigarriak dira, baina ordua iristean, agintariek erreparo gutxiago izaten dute).
Gainera, filmaren zati horretan lantzen den tesia beste hainbat lanetan ere badago. Horrela boteprontoan, Naomi Kleinen “The shock doctrine” liburua etortzen zait burura, baina beste asko ere izango dira. Beraz arazoa ez da ideologikoa: berritzailetzat saldu didaten dokumental batek 2007an oso ikuspuntu ezaguna eskaintzen didala da problema. Inbasioak, interbentzio militarrak, muntaiak salatzen ditu, eta hori ondo dago, baina filmaren bi heren joan direnean espero dut hortik etorriko dela planteamentu berritzaileren bat…
3. …eta horrela iristen naiz bukaerako atalera. Errudunak seinalatzen dira (bankariak), eta espero dudanean azalduko didatela bankari horiek nola egiten duten lan gaur egungo puntu beroetan (Txina, Errusia, Ekialde Hurbila…), filmak beste norabide bat hartzen du eta interes guztia galtzen: fikziozko geopolitika bat asmatzen du. Ipar Amerikako Batasuna? Munduko Gobernua? Zerk eusten die hipotesi horiei? Baliteke agenda sekreturen batean dauden proiektuak izatea. Eta are, baliteke aipatzen diren proiektuetako batzuk dagoeneko gauzatuta egotea ni batere enteratu gabe… Baina hara, ematen diren argudioak ahulak iruditzen zaizkit. Hori bai, goian esan bezala, oso Danbrownianoak dira, joko asko eman dezakete…
Bestalde, gizakiak elkarrengandik bereizten dituzten “ezaugarri arbitrario” horiei egiten zaien kritikaz: egia da zuk emandako argudioarekin osatuago geratzen dela pelikulak har dezakeen esanahia. Baina, bestalde, ez da ahaztu behar AEBetako ezkerrak, beste herrialde askotakoak bezala, “ezaugarri arbitrario” horietako batzuk azpimarratuz bide luzea egina duela: arraza (Pantera Beltzak), klasea (IWW), sexua (emakumeen askapena)… etc. Eta horiek denak gauza ukigarriagoak iruditzen zaizkit, dokumentalak proposatzen duen diskurtso pseudohumanistarekin alderatuz.
Bestalde, hasierako testutik kendu nuen paradoxa bat ere nabarmendu nahiko nuke:
Zilegi da balizko Munduko Gobernu zentralizatzaile eta tiranikoari hainbesteko izua dion film bat banatzea, non eta Google Videon? Ez al da Google bera hein batean Munduko Gobernu, Anai Handi, Konspirazio Guztien Ama?
Eta gaurkoz besterik ez. Izan dadila hau eztabaida interesgarri baten abiapuntua!
Elur bolari segida emanez, eta jendea parte hartzera gonbidatuz… Beste kolpe bat.
1. Erlijioaren kontuari eta zehazki monoteismoari dagokionean ez dut uste Europan ateoak gehiengoak direnik, ezta gutxiagorik ere. Modu berean ez dut kontsideratzen paranoia metafisikoa Jesukristo mitoaren jatorria astroetan egotea.
2. Bigarren partean proposatzen duenean gauza eraberritzaile gutxi dagoela ados nago. Nolanahi ere, nik baloratzen dudana ekarpen guzti horien bilduma da, ziur bainago jende dezente dagoela Naomi Kleinen tesiak ezagutzen ez dituena. Baliteke dokumental hau bat baino gehiagorentzat pizgarria izatea.
3. Bitxia da kritika zorrotzenak zuzentzen dizkiozun atala gaur egungo krisi ekonomikoa azaltzeko parte esanguratsuena izatea.
Azkenik, gehitu berri duzun paradoxa hori, zer esan? Sistema kapitalistaren mirarietako bat da hori kontraesanez zipriztintzen dutela edonor eta edozer.
1. Ez dut esan Europar gehienak ateoak direnik. Eta ez dut esan dokumentalean azaltzen dena paranoia metafisikoa denik. Ateoa den europarrari gaia ez zaiola asko interesatuko esan dut, uste dudalako kezka metafisikorik ez duena, aurreneko 40 minutuean aspertu egingo dela. Ni behintzat, aspertu egin nintzen. Dena dela, europarren gehiengoa ateoa ez bada ere, urteak dira Europa Post-Kristauaz hitz egiten dela. Hori ere kontuan hartzekoa iruditzen zait.
2. Ados. Zabal dadila mezua ahalik eta gehien.
3. Krisi ekonomikoaz diozunarekin parte batean ados egon naiteke, eta ondo etor daiteke Erreserba Federalaren funtzionamenduaz egiten duen azalpena, batez ere kontuan izanda Obamak krisi ekonomikoari aurre egiteko hartutako neurriekin Bernankek eta bere kidekoek eskumen gehiago izango dituztela. Baina ematen diren azalpen batzuk, ematen diren moduan, sinpleegiak iruditzen zaizkit, eta nahasgarriak ere bai.
Adibidez, esaten da dolarra 1933ra arte urre kopuru jakin batengatik alda zitekeela, eta orain diru horren balioa Erreserba Federalak berak zehazten duela. Horrela esanda, ematen du erabaki arbitrario bat izan zela, konspirazio bat, herritarrak diru gabe uztea helburu zuena. Baina ez da ahaztu behar, urre patroia indarrean egon zen bitartean kapitalismo globalaren hazkunderako tresna izan zela; eta horrek ere sortzen zituela kontraesanak, patroi horrekin irabazleak eta galtzaileak ere bai baitzeuden.
Tankerako beste baieztapen batzuk ere badaude, eta ez naute batere konbentzitzen.
Paradoxaz: sistema kapitalista ez da jainkoa, eta ez du inor derrigortzen filmak Google Videon banatzera. Askatasun urraketak salatzea ondo dago, baina garrantzitsuagoa da eskura dauzkazun askatasun eremuak erabiltzen asmatzea.