Zaila da filmaren kritika egiten hasi aurretik gertatutakoari buruz zer edo zer ez aipatzea: Barrura begiratzeko leihoak estreinatu da ikusi ahal izan dugu azkenik, jasan dituen presioak gaindituta; baina errepikatu beharko ez liratekeen egoerak bizi izan ditugu. Non ikusi da alderdi baten legez kanporatzea mahai gainean jartzea, gobernatzen duen udal batek dokumental bat diruz lagundu duelako? Nolako herrialdeetan daukate gobernuaren ordezkariek lehentasunezko kezken artean pelikulen paseak eragoztea? Hain larria al da ba filmak erakusten duena?
Erantzuna: bai.
Larria baita, bai Espainiako agintarientzat behintzat, Barrura begiratzeko leihoakek egiten duena. Dokumentalak ETAko izateagatik edo ETAko izateaz akusatuta espetxeratutako pertsonak erakusten dituelako, gizatiar, gizatiarregi. Eta horrek auzitan jar dezake ZEN planetik —gutxienez— indarrean den terrorista euskaldunaren eraikuntza diskurtsiboa.
Francoren ondorengo Espainiako kohesio-elementu zentraletako bat izan da diskurtso hori, hainbat egilek CT deitu diotenaren —alegia, Espainiako Trantsizioko Kultura— osagai garrantzitsu bihurtzeraino. Ez da ausarkeria baieztatzea, ETA espainiar gehienen anatema bihurtzearen arrazoi nagusietako bat dela filmetan, prentsan edo telebista saioetan eduki duen errepresentazioa. Trantsizioko Kulturan inor etsai gisa irudikatu izan bada, ETAko kidea izan da hori.
Horregatik jazarri dituzte maiz euskal gatazka bestelako begiradaz landu duten objektu kulturalak —zineman adibideak asko dira, irakurri Mikel Garciaren artikulu hau—. Ez baita “beste aldekoen” ikuspuntua eskaintzea bakarrik, komunitatea —uler bedi kasu honetan Espainia postfrankista— batzen duen elementu bat ezbaian jartzea baizik.
Bost zuzendariren elkarlana izanik, emaitza desorekatuagoa espero nuen, zuzendari bakoitzaren estiloa film osoarekin tentsioan egongo zela; baina ondo lotuta daude pelikulako zatiak eta bakoitzak bere hautu estetikoak egin dituen arren, batera egoki funtzionatzen dute.
Aparte, gogoa neukan ikusteko nola moldatu ziren kartzelan dauden pertsonei buruzko film bat egiteko, barruko irudirik ezingo zutela erabili kontuan izanda. Kartzela bera baino, atxiloketaren aurreko atzera-kontaketa eginez, kartzela osteko bizimodua erakutsiz, gurasoekin izandako telefono deien grabaketak erabiliz, lagunen testigantzak, irakurritako testuak, irudi metaforikoak… Baliabide ugarirekin konpondu dute problema tekniko hori.
Zati bakoitzak presoen aferaren adar bat erakusten du, gazte mugimenduko kide izateagatik kartzelaratutako pertsona batekin hasi (Irati Tobar) eta ETAko buruzagi batekin (Mikel Albisu) bukatu, tartean gaitz larriarekin kondena luzatu dioten Lopez de Luzuriagaren historiatik pasaz, baita Egineko partaide izateagatik espetxeratutako Zalakainenetik ere. Ez da euskal preso guztien egoera biltzen duen filma, baina protagonista bakoitzak preso mota baten egoera deskribatzen duen heinean, problematikaren argazki nahiko osoa eskain dezake. Falta da, eta baten batek beharbada kritikatuko du, norbait hiltzeagatik kartzelan sartu duten presoren bat, filmean gehienez kolaborazioagatik espetxeratutakoak agertzen baitira. Baina euskal presoen kasuistika nahiko zabala agertzen da Barrura begiratzeko leihoaken.
Jon Ugarteri buruzko zatia iruditu zait borobilena, Txaber Larreategik zuzendu duena. Bikotearekin eta lagunekin hizketan, tarteka hunkigarri, askotan umoretsu, Larreategik batere efektista izan gabe transmititu du preso egon denaren bizi-esperientzia. Aldiz, Jexux Mari Zalakaini buruzko zatiak ez nau hainbeste konbentzitu, haren egoera deskribatzeko erabilitako hainbat irudi (itsasoa askatasunaren metafora gisa; hareazko erlojuak denbora errepresentatzeko…) topiko samarrak dira.
Emaitza orekatua da, dena den; eta filmak merezi du. Espero dezagun aurrerantzean hori baloratuko dela eta Barrura begiratzeko leihoak film bat izango dela, ez casus belli bat. Eta haren inguruko eztabaida, beste pelikulei buruzkoa bezala, aspektu zinematografikoak lehenetsiz egingo dela. Funtsean, elkarrizketarako baliatuko dela eta ez gerrarako.
Orain arte lehergailua balitz bezala tratatu baitute askok eta gauza jakina da bonbak eta filmak desberdintzen ez dituen herrialde batean zerbait gaizki dabilela.
3 Iruzkin
Ados goitik behera, Gorka! Zain nengoen ea zer idazten zenuen, jakin-mina nuelako, ea ikuspuntu desberdinak izango geniutuen. Baina antzeko ikuskera daukagu.
Ni ere bat nator film honetan presoak humanitatzen dituztenez, hori dela debekatu nahi dutena! Arerioak ez dira pertsonak-eta!
Arraroa ez eztabaidatzea, ezta? 😉
Niri borobila iruditu zait Mikel Antzari buruzkoa, zailena eta ausartena ere bai. Eneko Olasagastiren aldetik apustu tinkoa. Nire ustez “baina”-rik gabekoa.
[…] nator Gorka Bereziartuarekin akaso Zalakainena dela emaitza irregularrena dioenean, enetako narratiboki dispretsoegia delako, […]