Pablo Bergerrek pelikula mutua ekarri du Sail Ofizialera. Blancanieves Grimm anaien ipuinaren egokitzapena da, Andaluzian girotua, toreroen eta flamenko artisten artean. Emaitza: pastitxe bat, oso efektista, manikeoa eta aspergarria.
The Artist filmak eduki zuen arrakastaren albo-kalteak izango dira hauek. Hark ere bazituen alderdi eztabaidagarriak, baina gutxienez ondo eraikitako filma zen, piezak behar den lekuan jarrita eta egoera dramatiko bakoitzarentzako beharrezko baliabideak erabiliz, ez gehiago. Zinema mota horri egindako berrirakurketa ironikoa, nolabait.
Ez bilatu halakorik Bergerren film luzean —luzea, ez metrajearengatik, 98 minutu; ikusleari sortzen dion ezinegonarengatik baizik—, film mutua egin baitu, hautu horren atzean bestelako asmorik eduki gabe. Eta zilegi da, noski, baina zinemari buruzko gogoetarik eskaini ezean, gutxienez zutik eutsiko dion gidoia eduki behar duzu eta Blancanievesek ez dauka.
Zinema mutuaren gauzarik okerrenetako bat, gainantzezpena, bandera gisa hartu du Bergerrek. Maribel Verduk antzezten duen amaordea gaiztoa eta diru-gosea dela badakigu ia filmean agertzen den lehenbiziko aldetik, baina zuzendariak ez du aukerarik galduko pertsonaia agertzen den bakoitzean gogorarazteko, keinu eta imintzio-sorta exageratuaren bidez.
Musikaz zer esan, gehiegizkoa eta ia beti aurreikusteko modukoa iruditu zait. Pertsonaia bat flamenkoa dantzatzen ari dela, zer entzungo eta gitarra flamenko bat; amaordea agertzen dela, orkestrak burrunba; eszena ustez barregarri bat? Ba musika arina. Eta horrela behin eta berriz.
Ez dirudi oso ondorio logikoa beraz, jarraian esango dudanak: aurtengo Goya sarietan asko txalotuko dutela Blancanieves, seguruenik. “The Artist espainiarra”, “apustu arriskutsua”, “XXI. mendeko zinema-mutua”… diskurtso mediatiko guztia begien aurretik pasatzen ari zait hau idatzi bitartean; lasai, ez naiz hiltzen ari.
SAIL OFIZIALA
Blancanieves.
Zuzendaria: Pablo Berger.
Aktoreak: Maribel Verdú, Daniel Giménez Cacho, Pere Ponce, Sofía Oria, Macarena García, Ángela Molina, José María Pou, Inma Cuesta.
Espainia-Frantzia, 98 minutu.
1 Iruzkin
Ez dut Berger-en “Blancanieves” pelikula ikusi eta EZ DUT IKUSIKO. Ez dut pelikula honen maila zinematografikoaz jardungo, ez baitut zinemaz entenditzen. Baina pelikula honen maila pedagojikoa hutsaren hurrengoa dela salatu beharrean nago. Akondroplasikoen irudi lotsagarria erakusten du, integrazioaren alde inolako keinurik egiten ez duena. Noiz utziko diogu akondroplasikoen irudi barre-eragile horiek hedatzeari? akondroplasioakoak hezurretan gaitz bat duten PERTSONAK dira, sentimentuz beteak, beste denok bezala, eta alturaz txikiak izan arren, heldutasunean eta besteenganako errespetuan beste haundi-mandi asko baino jantziagoak.
Haur akondroplasiko baten ama naizen aldetik, pelikula hau EZ IKUSTERA GONBIDATZEN ZAITUZTET.