Abenduan bukatuko da Zea Mays taldeak Era diskoa aurkezteko egin duen bira, ia bi urteren ondoren. Merezitako oporrak izango dira Errekaldeko taldearentzat, gelditu gabe aritu baitira 2010etik hona. Gutxik espero genuen tamainako arrakastarik, kontuan izanda ordura arte taldearen ibilbide aski interesgarriak ez zuela publiko handia erakartzerainoko jauzia egin.
Inaxio Esnaola gogoratuko da Morphina diskoaren azken konpasetan ikusi genuen Urnietako kontzertu hartaz, 30-40 lagun. Eta handik urtebetera, talde bera, disko berria, eta ehunka lagun kabitu ezinda Doka kanpoan. Aldaketa onerako baldin bada ere, kontrasteak ematen du azterketa txiki baterako. Hiru gako izan ditu “Era fenomenoak” nire ustez:
Single arrakastatsua: Negua joan da ta lehenengo kolpean sartzen den kanta horietako bat da eta ondo funtzionatu du irrati-formuletan. Bai, badakit, single arrakastatsu bat egiteko formula Coca-Colarena bezain misteriotsua da, baina esango nuke kasu honetan Gazteak Negua joan da ta ondo mugitu izana faktore determinantea izan dela. Abestia behin eta berriz entzuteaz asper-asper eginda bukatu dugu eta horrek ez du zertan guztiz txarra izan, azkenaldian euskarazko kanta batekin ia inoiz ez baita halakorik gertatzen.
Diskoaren banaketa: Kontzertuetako sarrerarekin batera banatu zen Era hasieran, biak, sarrera eta diskoa, 10 euroan. Postura arriskutsua zen eta ondo atera zitzaien; gero jarri zuten salgai dendetan, ohiko banaketa-bideen menpekotasuna apur bat arintzea lortuz. Zea Maysek erakutsi du badagoela bizitzarik Elkar Banaketatik harago.
Zuzeneko esperientzia: Single on bat eta banatzeko modu berritzaileaz gain, taldeak agertokian daukan indarrak diferentzia markatu du. Ezagutzen ez duzun talde baten kanta irratian entzun eta gusta dakizuke; are, kontzertu batera joatera anima zaitezke; baina “beste zera hori” gabe nekez joango da harago entzule berria, gauza gehiegi daude entzuteko Spotifyn.
Erarekin lortu duen publiko zabal horrek Zea Maysen ibilbidea jarraituko ote duten denborak esango du, baina orain arte eduki duten koherentzia mantenduz gero, nik ez nuke zalantza handirik egingo.
Eguneraketa (2012-XI-23, 13:24):
Negua joan da taren bideoa aipatu dit batek baino gehiagok Twitterren, baita beheko erantzunetan ere, Zea Maysek eduki duen arrakastaren gako gisa. 555.000 bisita baino gehiago Youtuben ez da nolanahiko datua, ez. Baina… Tira, eztabaidatuko dugu.
10 Iruzkin
Gorka maitea:
Hire baimenarekin, azkar batean hainbat gako erantsiko ditut.
Esan Ozenkiren garaitan, satelite bat (gehiago ere bai) zegoen Zea Mays izenekoa. Ordutik hona taldekideak berdinak dira. Urte horietan guztietan eurek maite eta sinesten duten horretan jarraitu zuten. Ez da ahaztu behar lehen diskoekin dagoeneko lortu zutela arreta bereganatzea.
Nago, “Sortuz grabitatearen kontra” diskoan dagoela gaur egun Zea Mays taldeak lortu duen bigarren arrakasta aroaren abiapuntua. “Besterik ez naiz” edota “Ipar haizearen atearen aurrean” kantuak disko horretan daude, taldeak egin dituen ederrenetarikoak. Bira horren lehen kontzertuetakoa Bonberenean izan zen. Ez ginen asko, gutxi ere ez, baina handik haluzinatuta atera ginen denak. Disko horrekin ikuslegoaren kopurua goruntz joan zen, eta horren adibidea bira horretan bertan Andoaingo Gaztetxean bildu zuten jendetza.
Jendetzara iristeko areto txikiak bete behar dira eta joera hori “Sortuz grabitatearen kontra” diskoarekin hasi zela esango nuke. Taldearen indarrak, ahotsa eta hitzek erakarmen handia dute. Eta hein handi batean emakumezkoak izan ziren kopuru handiagoan gerturatzen hasi zirenak. Haien atzetik, gu gizonezkook (azken gu gizonezkook hori landerkeria bat da).
Urnietako adibidea jarri duzu. Zoritxarrez, oso talde guztik lortzen dute Urnietan ikuslegoa erakartzea. Hori dela eta, “Sarobe kontzertuak” ekimen ederra bertan behera geratu zen iaz.
Diskoaren salmenta-banaketaz. “Negua Joan da eta” kantuak eztanda egin aurretik, oker ez banago, 10 kontzertu eskaini zituzten. Sarrera+kontzertua 10 euro. Ia denetan sold out. Gasteizko gaztetxean ikusi nituen eta lepo bete zen. Formula oso ona da, bikaina, baina formula horrek arrakasta izan dezan jendea erakarriko duzun ziurtasuna behar duzu. Behar bada taldekideek ziurtasunik ez zuten izango, baina haien zaletuek bai. Ehunka joan ziren kontzertu horietara, diskoa aurretik entzun gabe gainera. Taldeak prestigioa irabazita zuen seinale da hori. Iragan hurbilean egindakoak ziurtasuna sortu zuelako jarraitzaileengan. Talde batentzat hori da egon daitekeen aitortzarik onena.
“Negua Joan da eta” kantuak disko berriena aurkeztu eta hilabetera eztanda egin zuen. Baina Gazteari baino gehiago, meritua bideoklipari eta bideoan ateratzen den aktoreari emango nioke. Zaletuek ezagutzen zuten kantua, baina jendarte zabalak bideoaren bitartez. Dinot nik.
Youtube kills the radio star. Ez diat sinesten Gorka, hik ez duk hainbeste entzuten Gaztea 🙂
Nere kuadrilan gertatu zait:
– Nere neska eta ni Zea Mays zaleak gara (ez sutsuak, baina diskografia jaitsi (bai, jaitsi) eta abesti dexente ezagutzeko moduan. ERA diskoaren birako hiruzpalau kontzertu ikusi ditugu.
– Nere kuadrilako birekin Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian Goserekin emandako kontzertura goaz. Beraiek, apenas ezagutzen dute abestirik “Negua joan da ta” ditxosozkoaz gain.
– Kontzertua oso ondo doa. Ikusitako hiruzpalau horietan indartsuena.
– Etxera bueltan, kuadrilako biek eskatzen didate winrar bat egiteko ERA diskoarekin eta aurreko diskoetako abesti ezagunenekin.
Moraleja: disko honen arrakastak hemendik aurrerako ibilbideari arreta erakartzeaz gain, orain artekoari ibilbideari ere jarriko dio fokua.
p.d: disketxeak hau irakurriko balu, azkar asko jarriko luke martxan “greatest hits” bat ERAko abesti gehientsuenekin eta “itsasoa”, “morphina”, “astero ostera hastera”, “besterik ez naiz” eta abarrekin. Asko salduko lukeela iruditzen zait.
AndMujika…
Diskoetxeak zuk uste baino lehenago mugitu dira. Gor diskoetxeak Zea Mays taldearen lehen bi diskoak berrargitaratu ditu (Durangora begira), eta Bonberenea Ekintzak zigiluak “Sortuz Grabitatearen Kontra” (Azokari begira, ere). Biek ala bien, “Harrobia” diskoa ahaztu dute.
Gakoen bilduma ona egin duzue Gorkak eta Jonik. Ez nuke bestelakorik gaineratuko.
Hori bai, Era diskoa atera ondotik ez diet kontzertu duin bat ikusi (eta bost izan dira). Denetan, indar falta, nabaritu dut. Saroben bete ninduten, baina ordutik ez. Zertxobait erre direla uste dut.
Ados nago erantzunetan bota diren zenbait gakorekin. Kantua berez erraz sartzen da eta bideokliparekin bete betean asmatu zuten. Kukutzaren kantua ere gogoratu nahi nuke oso ongi funtzionatu baitu.
Ez naiz sekula izan Zea Mays zale amorratua baina Morphina diskoaren birako kontzertu dezentetan egon nintzen. Indar ikaragarriko kontzertuak izan ziren orokorrean ikusi nituenak. Gustora ikusten nuen kanta guziak ezagutu gabe ere. Baina hor jo zuten goia.
Inaxio Esnaolak aipatu duen sentsazioa nik ere izan dut bira honetan. Hiru kontzertutan egon naiz eta hiruretan aspertu naiz, ahozabalka eta oinak geldi egoteaz txikitzeraino. Indar guztia galdu izan balute bezala, ez baute batere inpresionatu. Eskas.
Ea hurrengo lanarekin (entzuna dut etenaldi hau lan berria prestatzeko baliatuko dutela) zer egiten duten.
Jon Urzelaik hiru tweet interesgarri bidali dizkit gai honen inguruan eta hemen ere jartzea egokia iruditu zait:
“1) Bat nator youtube efektuarekin, irratiaren efektuz baino, bideoagatik egin zen famatua abestia nere ustez”
“2) Banaketarenarekin ez nator bat. Iada edonork lor dezake diskoa eta melomanoek bakarrik apreziatzen dute kasi formatu fisikoa”
“3) Erreferente falta aipatuko nuke. Aspaldian ez dago euskal talde masibo rockerorik eta toki hori hartu dute, denbora batez”
Bueno, 140 karaktereko limitaziorik gabe, saiatuko naiz erantzuna pixka bat gehiago garatzen:
1) Egia esan aspaldian utzi nion gaztea entzuteari, baina konsziente naiz oraindik ere emisora honek musika modak euskal gaztedian eragiteko daukan gaitasunaz. Seguraski arrazoi izango duzu faktore garrantzitsua izan dela Zea Mays-en azken boladako arrakastan baina esan nahi dudana zera da: abestia bideokliparekin egin zen ezagun, ez youtuben bakarrik, internetetik telebistarako saltoa ere eman zuen. Gero, Gazteak boom-a handituko zuen, sinesten dizut, baina nire ustez “hype” honen iturburua bideoa bera izan zen.
2) Esan bezala, ez dut uste faktore determinantea izan denik banaketarena aztertzen ari garen arrakastaren kasuan. Egia esan, ezta kasu batean ere ene ustez. Zea Mays-ek publikoa irabazi badu, publiko hori ez-melomanoa izan da, hau da, musikazale rockero-kontzertuzaleak lehenagotik ezagutzen zituzten, irabazitako fan-ak “casual”-ak direla esango nuke, hurrengo diskoan hit-ik ez badago, tokatzen den hurrengo taldearengana jotzen dutenak. Eta, ofenditzeko inongo asmorik gabe, jende honek, orokorrean, ez dauka musika formato fisikoan erosteko ohiturarik, eta erosiko badute, a posteriori izango da, hau da, iada famatuak bilakatu direnean edo olatuaren gorenean duadenean. Hortaz, ez dut uste olatu horren eragile izan denik komentatzen duzuna.
3) Erreferente faltarena hobeto esplikatzen saiatuko naiz. Euskal Herrian eman izan da euskal talde abertzale rockero handien kasua. Ni gazte xamarra naizenez, aipa ditzakedanak hauek dira: Fermin, Su Ta Gar, Berri Txarrak, adibidez. Gaur egun, iada talde hauek ez dute hainbeste indarrik, batzuk ez dute garai bateko erakartzeko eragina eta beste batzuk (BT) beste zirkuitu batera jotzeko apustua egin dute. Horrexegatik, euskal-nerabe/gazte abertzale-rockzale talde horrek behar duen erreferente komun horiek faltan daude, aipa genezake Esne Beltza, baina ez du lehenago izendatutakoen indarrik eta asko ez dira beraiekin identifikatzen. Hortaz, falta zen/da herriko festa guztietan nahi duten talde handi hori, jende multzo hori guztia asebeteko duen talde bat. Eta zulo hori Zea Mays-ek bete du azken bi urte inguruan, baina egia esan ez dakit mainstreamean euskal “one hit wonder” kasu bat izatetik pasako diren. Nahiz eta askok dakigun kalitatea soberan dutela hori baina gehiago izateko eta ez dutela inori ezer frogatu beharrik.
Horrez gain, eta amaitzeko, planteamendu bat: onartzen baduzue hirugarren puntuan esandakoa, zein izango da hurrengo talde erreferentzial hori? Willis Drummond?
Eztabaidak segi dezan, bideoaren eraginaren inguruko nire iritzi txapa jarraian.
‘Era’diskoaren sekuentzia nik honela bizi izan nuen: diskoa kaleratzen da, ‘Negua joan da ta’ Gaztean asko entzuten hasten da eta diskoa aurkezteko lehenbiziko kontzertuak bete-beteta daude. Izango du zerikusirik Joni Ubedak dioenak, alegia, aurreneko kontzertu horietara joan zirenak konfiantza izatea Zea Maysen aurreko lanek bide sendoa erakusten zutelako. Niri ordea, iruditzen zait hasierako kontzertu horietan zegoen publikoa ez zela ordura arteko Zea Maysen ohiko entzulegoa (Gipuzkoaz ari naiz). Alegia, “Gaztea efektuak” eragina izan zuela.
Pertsonalki, goian esan dudan moduan, ‘Negua joan da ta’ entzuteaz aspertu xamar bukatu dut. Baina aspertu xamar nengoen bideoa atera zenerako ere; eta horrela banengoen izan zen, ordurako nire inguruan behintzat kanta aspertzeraino jarri zutelako tabernetan eta abar. Beraz, bideoarenari ez nion kasu handirik egin. Mundu guztiak aipatu didanez, pentsatzen dut asko lagunduko zuela kantak 2011ko udaberri-udan arrakasta izan zezan. Ados. Baina diskoa 2010eko urriaren 14an aurkeztu zuten. Udaberrira bitartean bost hilabete daude. Kanta batek ez du denbora hori guztia irauten irrati-formuletan (singularrean jarri beharko nuke gure kasuan) asko jartzen ez badute.
Beraz, “Youtube killed the radio star”? Ba ez nago ados Joni (ze arraroa!). Konparazio batera, Berri Txarraken ‘Maravillas’ kantaren bideoklipak ia 220.000 bisita izan ditu. Ados, ‘Negua joan da ta’-ren erdia baino gutxiago dira, baina esango al zenuke ‘Maravillas’ hurbiltzen dela Zea Maysen kantaren fenomenora? Ezta erdira ere, nire ustez; ezta laurdenera ere. Jon Urzelaik apuntatzen duen telebistaren eragina kontuan hartzekoa iruditzen zait. Eta berriz ere, irrati-formularena ez zait garrantzia kentzeko modukoa iruditzen.
Diskoaren banaketa fisikoari dagokionez, Jon, beharbada “casual” horiek erakartzeko ez du balioko, baina taldearen kontuak orekatzeko bai. Sarrera+disko formularekin CDa ateratzeko inbertsioa berreskuratu zutela uste dut; eta Elkarretik pasa gabe. Hori garrantzitsua iruditzen zait. Agian ez da arrakasta faktore bat publikoari dagokionez. Baina taldearen garaipen handi bat iruditu zait.
Aupa. Twitterreko 140 karaktereen mugarik barik nator neu ere.
Ez dut pentsatzen kontua arrazoi handiagoa nork daukan denik, baina ‘Negua joan da ta’ bideoak katapultatu zuela Zea Mays uste dutenetakoa naiz.
Baina hasteko, gauza jakina gura bada, baina esan beharrekoa, kantak berak dauka meritua. Nik atera berritan entzun nuen Durangon, Kantuaren Kantoian, Piti gitarra hutsez eta Aiora kantari, formatu “akustikoan”, eta han geunden guztiok inarrosi gintuen. ETBkoak han ziren, eta kanta horregaz zarratu zuten biharamon eguerdiko Teleberria. Gero, Era eskuratu eta autoan oihuka egin nuen bertso saio batetik baino gehiagotik bueltakoa. Gaztearik ez.
Baina handik hile batzuetara, hara non hasten zaizkidan aste berean, udaberria sartu berritan, nire lagun ez bereziki musikazale ta Zea Maysen diskorik etxean seguru ez dutenak arrapaladan bideoa emaikez bidaltzen: mereziko luke 555.000 ikustaldi horien estatistikak begiratzeak, datak aztertzeko; eta gura nuke jakitea diskoa atera zuten urteko Azokan ala hurrengoan saldu zituzten ale gehiago.
Bestetik, esan behar da hau ere, euren ibilbide diskografiko zein zuzeneko osoaren bermea hor zegoen, jende gehiagok ezagutu ahala ez ginelako falta ‘Besterik ez naiz’ ‘Morphina’ eta abar gomendatzen aspertzen ez ginenok, asmatzen genuen ziurtasun osoz.
Gutxi dut gehitzeko, baina inpresioa dut Zea Mays-en arrakastaren eztanda ezberdina izan dela ekialde eta mendebaldean. Igual oker egongo naiz, baina Bizkaian (eta Araban ere, esango nuke) “Era” baino lehenagokoa da Zea Mays-en tiroia. Lehenago aipatu duzuen moduan, “Sortuz grabitatearen kontra” diskak jende asko eraman zuen kontzertuetara mendebaldean (txarto gogoratzen ez badut, garai hartako Euskadi Gazteak ere nahiko kantxa eman zion “Besterik ez naiz” abestiari). Zea Mays-ek aspaldi betetzen ditu areto eta plazak Bizkaian eta, egia da, “Era”-rena inoizko oihartzunik handienekoa izan da, baina mendebaldean lehendik dator taldearen arrakasta.
Beharbada txikikeri eta txokokeri bat izango da, baina musikan ere ekialde eta mendebaldearen artean distantzia handia dagoela ematen du. Zea Mays moduan, Bizkaia eta Arabako beste talde batzuk ere okurritzen zaizkit Gipuzkoa-Nafarroa-Iparraldean sartzerako, gure inguruan bide luze eta arrakastatsuak eginak dituztenak. Kontrara ere antzeko adibide bat edo beste gogoan dut.