Boligrafo Gorria
Kulturgintza Musika
by Gorka Bereziartua
  • Kulturgintza
  • Musika

Udazkena heldu da euskal kulturara

Gorka Bereziartua
2012-11-30
1

Asteazkena, 21:30ak inguru. Teleberriak dio Mikel Urdangarinen disko berriak “udazken ukitua” daukala. Gaztaina bezala erori zait zalantza: diskoaz ari dira ala El Corte Ingleseko kolekzio berriaz? Bukatu gabe utzi dut albistegia duda argitu nahian; Euria ari duren bideoa ikusteak –hori da lehen singlea– ez dit ezertan lagundu.

Ea ulertzen dudan: zamarra lodia kendu gabe gitarra soinean hartzea eta abestian kafea aipatzea da diskoa “udazkeneko” egiten duena? Edo hotzak hartuta bezala, ahotsa dardarka kantatzeak ematen dio “udazken ukitua”?
Edonola, Corte Ingleseko esloganak balio du. Udazkena heldu da euskal musikara –eta hedaduraz euskal literaturara ere bai–. Durangoko udazkena, berandu hasi eta gutxi iraun, eta tarte laburrean euskal idazle eta musikariak hosto horailak legez hedabideetan. Eta blablabla hutsala besterik ez dute esaten batzuetan, askotan, gehiegitan, oso maiz.
“Biluztu egin naiz liburu/disko berrian”, “bizitzari buruz ari naiz liburu/disko berrian”, “irakurleak/entzuleak liburu/disko honekin gozatzea nahiko nuke”. Bilatu Googlen antzeko esaldiak, seguru bat baino gehiago topatuko duzuela. Eta emaiezue buelta, berehala ulertuko duzue zertaz ari naizen: nork esango du, liburua/diskoa saldu nahi badu behintzat, bere burua izugarri erreprimitzen duela eta publikoarengandik ihesi dabilela? Bizitzari buruz ari zaren horrek, zehaztu zenezake gehixeago? Sestaoko bizitzaz ari zara ala Negurikoaz? Zein sadiko klasek aitortuko dizu sufrikario jasangaitzean murgildu nahi zaituela bere azkeneko obrarekin?
Galdetzen badidazue problema non dagoen, nik bi aldetan ikusten dut. Batetik, halako topikoetatik harago ezer esaten asmatzen ez duten artistengan, eta bestetik, zehatzago izateko borondaterik ez daukagun kazetariongan.
Pasako da udazken hau eta urte osoko negua etorriko da berriz. Batzuek esango dute okerragoa dela gainontzeko 300 eta piko egunetan hedabide nagusiek –hau da, erdarazkoek– euskal kulturari inolako kasurik ez egitea. Barka nire desadostasuna, ez dakit ez ote den hobe hori, urteroko desfile aspertu honen aldean.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

durangoko azokaerantzun topikoakmikel urdangarinudazkena
1 Iruzkin
    Durangon outsider plantak eginez erosteko bi proposamen | Boligrafo gorria (e)k dio: Erantzun
    2012-12-05, 10:30

    […] Kritikatzen dugu Durangoren harira gure kultur mundutxoan gailentzen den farandula-giroa, baina azkenean jai daukazula, plan hoberik ez, aspaldiko lagunarekin geratu zarela, nola ez dakizu baina han tokatu eta Landakon atzera-aurrera bukatuko duzu –zergatik idazten ote dut pluraleko lehen pertsonan edo singularreko bigarrenean?–. […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Anubis 3.0: gure etorkizunaren oraina2012-11-26
Durangon outsider plantak eginez erosteko bi proposamen2012-12-05
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA