Saioa Garin bakarlariaren disko berriko kanta bat aurreratu du Moonpalace Records zigiluak.
Natura titulua edukiko du LPak –hortik beharbada Higadura kanta honen tematika itsastarra–, eta euskaraz izango dira abesti guztiak. Joseba Irazoki arduratu da ekoizpen lanaz.
Hori jakitea aski izan beharko litzateke jakin-mina edukitzeko, Legorretako musikariak 2007an Particular Land argitaratu zuenetik gustu oneko gauzak egiteko trebezia erakutsi baitu.
Hasierako folk amerikarraren ildoan koska bat igo zuen Matrioska heart diseinuz bezain edukiz ederrean eta Naturaren aurrerapen kanta entzunda, badirudi tempoa azkartu eta bandarekin jotzeko hautua egin duela. Osorik entzuteko zain geratzen gara, hala ote den jakiteko.
Informazio gehiago:
Saioarekin Matrioska Heart diskoaz hitz egin genuen ARGIAren 2.139. zenbakian: “Matrioskaren bihotz akustikoa”.
Iratxe Esnaolak Moonpalace diskoetxeari buruz hitz egin zuen haren sortzaile Juanra Pradorekin ARGIAren 2.318. zenbakian: “Moonpalace Records: Pasioz eta mimoz”.