Holy motors: ikusi eta harritu

Gorka Bereziartua
0

Céline, filmeko limusina gidaria, filmaren amaierako eszena batean.

Holy motors gustatu ote zaidan? Ba, ez dakit. Hori bai, ez nau indiferente utzi. Sentsazioa gehiago hurbiltzen da txundidura handi samar batera. 2012ko film txalotuenetako bat izan da Leos Caraxek Canneseko jaialdian aurkeztu zuenetik eta euskarazko azpitituluekin ikus dezakezu nahi izanez gero.

Oscar (Denis Lavant) filmeko protagonista goizetik limusinara sartzen ikusiko dugu exekutibo dirudunez jantzirik eta filmak aurrera egin ahala mozorro ugari soinean dituela irtengo da autotik, programatuta dituen “zitak” betetzera. Hori da bere lana: mundu “errealean” hainbat rol jokatzea.
Filmaren barruko fikzioaren zein solairutan zauden ez dago ia inoiz garbi, halako nahasmen intrigaz betean murgiltzen zaitu; baina badu zerbait erakargarria, ikusleari eskatzen dion ahaleginak konpentsazioa dauka atal bakoitzean zain dauden ezustekoekin. Eta filma ixten duen dialogo, nola esan, intermitentea aspaldian ikusi dudan amaierarik bitxiena da.
Holy motorsek interpretazio askorako eman dezake. Errazena: zinemaren dimentsio ugariei buruzko alegoria dela, ikusleak, zuzendariak, ekoizleak, istorioak eta aktoreak barnebiltzen dituena.
Protagonista harat-honat mugituko duen limusina da irakurketa hori indartzen duen funtsezko elementua. “Amerikan ikusi nituen lehenbiziko aldiz eta orain igandero daude nire auzoan, ezkontza txinatarretarako” azaldu zuen zuzendariak Cannesen emandako elkarrizketa batean. “Gure garaiekin bat egiten dute guztiz, distiratsu eta gustu txarreko. Kanpotik itxura ona dute, baina barruan puten hotel bateko sentsazio triste bera dago”.
Zinema munduan bezala, gutxi gorabehera.
Dekadentziaren ospakizuna ala garai hobeen nostalgia; agian, istorioak kontatzeko daukagun beharrari buruzko gogoeta; edo akaso bihurrikeria metafikzionala. Seguruenik, denak batera, nahas-mahas.
Bai, Holy motorsi buruz zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta argiago daukat ikusi behar den film horietako bat dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA