Nolako azoka, nork kudeatuta

Gorka Bereziartua
2

Nerea Mujika Gerediagako lehendakaria eta Aiert Goenaga, iazko Durangoko Azokaren balorazioa egin zuten egunean (argazkia: EITB.com).

Presaka ari dira gertatzen gauzak Gerediaga elkarteak Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendari kargutik kendu duenetik. Gaur arratsaldean bildu dira Gerediaga eta Azokaren inguruko guneetako arduradunak eta, bilera horren emaitza ezagutzen ez dugun arren, analisirako elementu batzuk badauzkagu esku artean.

Gotzon Barandiaranek ARGIAri adierazi diona irakurrita ondorioztatzen da iazko ekainean ere saiatu zirela Goenaga kargutik kentzen. Antza denez, Jon Irazabal Durangoko Azokako aurreko zuzendariaren babesari esker mantendu zen karguan Goenaga.
Zuzendaria izendatu eta urtebete eskasera kargutik kentzeko arrazoiak zein izan diren? Gerediaga elkarteak eman dituen azalpenetatik gauza garbirik ezin da ondorioztatu eta aldiz Barandiaranek esan duenetik bai. Auziaren hiru iltze, gutxienez, hauek dira: konfiantza pertsonalak, Azokaren eredu aldaketa eta kudeaketa noren esku geratzen den.
Aiert Goenaga deialdi publiko baten bidez iritsi zen zuzendari izatera. Pentsatzekoa da Nerea Mujika Gerediagako lehendakaria hobeto moldatzen dela 2009tik elkarteko kudeatzaile den Aitziber Atorrasagastirekin. Denbora gehiago daramate elkarrekin lanean eta gainera, Mujika Deustuko Unibertsitateko irakasle-ikerlea da, Atorrasagastik ikasi zuen unibertsitate berekoa, alegia. Eta posible da Mujikak uste izatea, konfiantzazko kudeatzailea edukitzearekin zuzendariaren erabakiak ere bideratuta egongo zirela (leku guztietan bezala, hemen ere sosa eta boza hoskide baino gehiago dira).
Baina Azokaren eredu aldaketa eta haren kudeaketa dira saltsa honetako gatz larria: urte askoan eskema nahiko sinplea izan da Durangon. Gerediagak liburu eta disko azoka antolatzen zuen eta erabaki guztiak elkartearen esku zeuden.
Goenagaren gidaritzapean, Ahotsenea, Irudienea, K@bia, Szenatokia, Plateruena eta Sagu Ganbara jokoan sartzean aldatu da hori, gune horietako programazioari buruzko erabakiak Gerediaga ez diren agenteek ere hartu dituztelako (Topagunea, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Plateruena bera…). Elementu zentral izatetik Azoka bilgune zabalago baten beste adar bat izatera pasako ote den beldur izan dira Gerediaga Elkarteko arduradunak nire ustez.
Ez da detaile txikia, kontuan hartuta Gerediaga batez ere diru-laguntza publikoei esker finantzatzen dela. Euren kontrolpean egon gabe Durangoko Azokaren inguruan hainbat gune berri antolatuz, laguntza publikoak ere beste agenteetara sakabanatzeko arriskua antzeman dute agian Gerediagako arduradunek.
Ez dakit zer aterako den gaurko bileratik. Baliteke Ahotseneak, Irudieneak, K@biak eta abarrek erabakitzea ez dutela hurrengo urtean jarraitu nahi. Gerediagak adierazi du Azoka elkargune zabalagoa izateko proiektuak bere horretan jarraituko duela eta airean geratzen den galdera da, ea hori egiterik posible izango ote den euskal kulturgintzako agente ugariren lankidetzarik gabe, adibidez, zerbitzuak azpikontratatuz.
Atzerapausoa litzateke, nolanahi.
PS: Han hemenka entzundakoekin pentsa liteke kaleratzearen atzean bestelako inplikazioak eta inplikatuak ere egon litezkeela, baina gehiegi suposatu dugu gaurkoz.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA