Urtebete, 325 disko eta gainontzeko guztia berdin

Gorka Bereziartua
2

325 disko inguru argitaratu ziren Euskal Herrian iaz.

325 disko inguru argitaratu ziren 2012an Euskal Herrian, erdia baino gutxixeago euskaraz. Auto-ekoizpenak goraka jarraitzen du eta estilo aldetik ugaritasuna da nagusi. Hirugarrenez Entzun!ek eta Harrobia Lantzenek argitaratu duten Gureandoinu txostenetik (pdf) ateratzen diren ondorioak dira.
Kopurua aurreko bi urteen antzekoa da —2011ko txostena (pdf) eta 2010ekoa (pdf)— eta ohitzen joan beharko dugu, nahiz eta harrigarri samarra den zenbat musika argitaratzen den eta zenbat pasatzen den ia oharkabean. Kontuak horrela jarraituko du, kritikak behar bezalako garrantzirik hartzen ez badu: publiko handiarengana iritsi ahal izatea gihar promozionala dutenen esku egongo da, batez ere.
Inaxio Esnaola kazetariak txostenaren editorialean nabarmendu du hainbat talde hasi direla Soundcloud eta Bandcamp bezalako plataformak erabiltzen euren musika zabaltzeko. Hori ere ez da berri-berria, lehendik Myspace aski erabilia zen. Internet ezinbestekoa bihurtu da edozein talderentzat baina, ez dirudi euskal musikak Buztan Luzeko ekonomia garatzea lortu duenik.
Bestalde, Esnaola kritiko agertu da Josu Zabalak urtarrilean Huheziko EKT graduondokoan esandakoekin: “Duela hilabete gutxi unibertsitatera hurbildu zen, euskal musikaren heriotza berretsiko zuelakoan. Ez da horrela pentsatzen duen bakarra. Badira hamarkada loriatsuetan trebatutako hainbat iritzi berekoak. Beraien zoritxarrerako, ordea, oker daude (…) gure musikagintzak bere bidea egiten jarraitu du. Segitzen du. Erritmo onean, gainera”.
Eguneraketa (2013-II-27, 17:01):
Haritz Odriozolak gai interesgarria ukitu du Twitterren honekin lotuta: Gazteak euskal musikaren zabalkundean jokatzen duen (edo jokatzen ez duen) rola. Ahaztu samar ez ote daukagu euskal irrati-formula publikoa, galdutako bataila delakoan?

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA