Goizean leitu dut Jesus Torquemadak EiTB.com-en Gazako blokeoaz egin duen analisia. Ez nago oso ados analistaren esaldiren batekin [1], baina bete-betean jo duela iruditzen zait Rafah-ko pasabidea afera honetako puntu berotzat jotzean. Torquemadak dio, Israelek Gaza blokeatuta eduki arren, pasabide hori zabaltzea Egiptoren esku dagoela. Beraz, zergatik izan du Egiptok pasabidea zarratuta?
“Hamas Egiptoko Musulman Anaien aliatua da, Mubarak presidente egiptoarra agintetik bota nahi du horrek, eta horregatik du Mubarak presidenteak jokabide hori” azaldu du Torquemadak. Goazen azalpen puntual horretatik atzeraxeago, 1973ko urriko gerra osteko egoerak zerikusi handia baitu arazo honetan. Yom Kippurreko Gerra izenez ere ezaguna den gatazka hartan Israelek uste baino astindu handiagoa hartu zuen Egipto eta Siriaren kontra; eta konturatu zen arabiarrak abilak izan zitezkeela gerraren artean.
Une horretan Moshe Dayanek esandakoa gordetzekoa da, aurrerantzean Israelek bilatu zituen aliantzak ulertzeko: “Auto bati gurpil bat kentzen badiozu, ezingo du gehiago mugitu”. Autoa, kasu honetan, fronte arabiarra da. Eta kendu beharreko gurpila, Egipto. 1970eko hamarkada bukatu baino lehen Israelek negoziatu egingo du Cairorekin; 1982an Sinaitik erretiratuko da; eta trukean, Egiptok Israelgo estatua onartuko du. Hori egingo duen lehen herrialde arabiarra izango da.
Fini dira bi estatuen arteko liskarrak, beraz, eta bakea mantentzearen prezioa Gazako herritarrek ordainduko dute.
Orain ikusi beharko da aste honetakoa bezalako sarraskiek zertan uzten duten bi herrialdeen arteko oreka; eta nola eragiten duen herrialde arabiarretako klima politikoan sionisten nagusikeriak. Desastre diplomatikoa izan liteke Israelentzat. Lau gurpileko auto arabiarra ostera martxan jarriko ote da?
[1]“Israelgo lurraldearen kontrako erasoak egin ditu Hamasek; koheteak bota ditu edota komandoak infiltratu ditu” dio Torquemadak. Bai, egia da. Baina analisian ematen du maila bereko kalteak eragin ditzaketela Qassam etxafuego palestinarrek, eta Israelek dauzkan herio-jostailu guztiek. Konparazioa gorrotagarria da.
2 Iruzkin
Ez da arrazoi historikoengatik soilik. Esango nuke errefuxiatuekin loturik dagoela arazoaren zati handiena eta arazo hori gaur egunekoa da.
Israeli Rafah zabalik izatea interesatzen zaio, presioa egiteko errefuxiatuak Egiptorantza joateko eta pixkanaka Gazan presioa jaisten joateko.
Egiptorentzat, kontrara, horrenbeste errefuxiatu palestinar izatea euren lurretan arazoak besterik ez dakartza, azpiegiturak beharko lituzketelako eta are garrantzitsuagoa dena, euren interesen defentsan antolatuz gero arrisku ere bihur daitezkeelako (Jordaniako Irail Beltzagaz gertatu zen moduan).
Arrazoi historikoak egon badaude, baina Gazan bizi diren errefuxiatu horiek etxean sartzea ahalik eta gehien oztopatzeko izan du, inolako duda barik, Egiptok Rafah itxita.
Aupa Mikel, mila esker zure erantzunagatik!
Ez da arrazoi historikoengatik bakarrik, noski; testukoak, gainera, historikoak baino, geo-estrategikoak direla esango nuke. Baina iruditzen zait errefuxiatuen afera, asko jota, ordena geo-estrategiko konkretu horren ondorio bat dela, kausa bat baino; eta ez duela balio, huts-hutsean, Egiptoren jokabidea ulertzeko.
Gainera, Israeli Rafah zabalik edukitzea interesatzen bazaio, zergatik ez zuen ireki pasabidea bere esku egon zen denboran? 2005. urtera arte Israel izan zen jaun eta jabe muga horretan. Eta 2008an Hamasek pasabideko horma zulatu zuenean ere, 11 egunen buruan Israelek itxi egin zuen…