Betiko historia da: ideia eta diskurtso berririk gabeko musikariek arrakasta eta hedabideen arreta berenganatzen dute eta aldiz, alboan dauden proposamen interesgarriak zokoratzen dira eta ahanzturaren putzuan erortzen.
Horrela da mundu zabalean eta horrela izan da hemen ere, baita kontrakulturaren gailurtzat daukagun 1980ko hamarkada loriatsuan.
Purrustada ulertzeko, beheko bideoa ikusi. Gor diskoetxearen kortesiaz goza dezakegu Motos taldeak (Toño Muro, Marino eta Patxi Goñi eta Francis Los Arcos) Iruñeko Sarasate pasealekuan 1983an eman zuen kontzertuko Escribe tu nombre en mi diario kantarekin.
Entzun!-en irakurtzen denez, The Jamen eragin handia izan zuen taldeak, baita Dr.Feelgood, Elvis Costello eta Bishopsena ere, 1960ko hamarkadako The Kinks eta The Who ez aipatzearren.
Mod estetika, abiadura eta energia, lau kantako EP bat argitaratu zuten Soñuarekin.
Iazko maiatzean Berako Kataku ostatuan eman zuten kontzertuan, Balerdi Balerdiren eskutik entzun genituen taldearen kanta batzuk. Zorionez Toño Murok duela 30 urteko indar berberarekin jarraitzen baitu; eta gauza interesgarriak esaten, Patxi Larrionek eta Joni Ubedak egin zioten elkarrizketa honetan bezala.
1 Iruzkin
Hasieran, ikasgelako kortxoan ageri zen kartela izan zen, Radio Paraiso iragartzen zuen afitxak eta denek bagenekien nork paratu zuen. Rock sinfonikoa eta heavyren arteko lehiaren garaiak ziren 80ko hamarkada mustu berrian, eta heavy nagusitu Iruñerrian. Radio Paraiso 81ean itxi zuten eta 2.000 lagun atera ginen manifestazioan, ordurako Eguzki Irratia eta Club Radio Iruña emititzen ari ziren, ez ziren Hiri Buruzagian entzuten ziren irrati libre bakarrak. Baina ez nadin desbidera, bideoan ageri diren mod gisako horiek zaila zuten arrakasta panorama hartan. Gogoan dut Paraisoko (guk La Paraiso eta la Eguzki esaten genuen) batek Leño taldeaz enpo egin zuela, irrati horiek ziren entzuleen eskareei kasu egiten zieten bakarrak eta noski musika aparatu gutxi urte haietan, “puedes poner una de Leño” maizegi entzuten zen irrati horietan.
Sarasateko eta Antoniuttiko kontzertuak ditut gogoan eta orain grabazioa ikustean bi kontu nabarmendu: kalitatea eta bestea Patxi Goñiren sasoia, koruak entzuten ez badira ere. Duela bi urte Balerdi erdi martxan jarri zuten eta Balerdi Balerdiko errepertorioa Tocamas eta Motos taldeen garaiko abestiekin osatu zuten. Gogoan dut Iruñeko BiGaroa ostatuko kontzertura adinkide batekin joan nintzela eta “Escribe tu nombre en mi diario” entzutean hona egin zidan galdera
-Baina kanta hau hauena al da?
Baietz, lau urte barru talderen batek Ezkabapean kantaren bertsioa egin eta arrakasta itzela erdietsi.