Zizek Iruñean izozki bat jaten

Gorka Bereziartua
5

Slavoj Zizek elkarrizketatzekoak ginen gaur Iñigo Astiz eta biok Iruñeko Baluarten. Nik ARGIArako. Iñigok Berriarako. Nire hitzordua goizeko hamarretan; Iñigorena, arratsaldeko seietan. Baina Arquitectura mas por menos kongresuko antolakuntzak atzeratu egin dit elkarrizketa ordua, eta Iñigorekin bazkaltzen, zalantzan geunden filosofo esloveniarrarekin hitz egitea posible izango ote genuen. Ez ote ziren luzamendu gehiegi. Eta azken finean, euskal prentsa, kongresu honen antolatzaileentzat, ez dela existitzen. Bagindoazen Baluarterantz Sarasate pasealekutik, eguna alferrik galdu izanaren sentsazioarekin, eta nor ikusiko oinez izozki bat jaten? Bai, Zizek.
Iñigo hurbildu zaio aurrena. Ni atzetik. Eta berarekin joan gara kongresu jauregiraino hizketan, elkarrizketa lotu nahian: Iruñea Espainia ote den galdetu digu; eta erantzuna aditu duelarik, bihar goizerako jarri dugu hitzordua. “Terrorist meeting” esan du berak, umorez. Horrela esanda bitxia da. Are bitxiagoa han, Baluarte kanpoan dagoen kafetegian, gorbata inportante askori (Vicente Verdurena, kasu) bizkarra emanda: “I want to talk to basque terrorists” . Bitan, hirutan errepikatu du.
“Barka izozkia izorratu badizugu” esan dio Iñigok agurtzeko.
“Barkatu zuek niri, elkarrizketa atzeratu izanagatik; jo nazazue, egidazue ttu, nahi baduzue”.
Ez, lasai, nahikoa anekdota badaukagu gaurkoz: bihar, beharbada, gehiago.

5 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA