Ekaitzaldi estrategikoa zen

Gorka Bereziartua
17

Ekaitzaldi itxita dago duela egun batzuetatik.

Badira hiru egun gutxienez albistea zirkulatzen dabilela: Ekaitzaldi bloga itxita dago. Euskal Herriko musikarien diskoak doan deskargatzeko loturak eskaintzen zituen eta sekulako artxiboa osatu du azken urteetan, atari undergrounda eta ez-dakit-erabat-legezkoa izan arren, musikazale askoren erreferente bihurtzeraino.
Bloga zergatik itxi den ez dago argi. Twitterren irakurri ahal izan dugunez, arduradunak arrazoi pertsonalak argudiatu ditu, bere borondatez itxi omen du. Gehiago jakin nahian atariarekin harremanetan jartzen saiatu gara, baina ez dugu erantzunik jaso.
Inork ez dio aitortuko Ekaitzaldiri urte hauetan euskal musika denon eskura jartzeko egin duen lana. Eta ez, ez da harritzekoa, kontuan izanda askoren ustez atari “pirata” bat besterik ez zela. Gertatzen da, bide horrek –deitu “pirata” nahi baduzue, nik “XXI. mendea” esango diot–, publiko potentzial eta erreal askoz zabalagoa daukala gaur egun digitalak ez diren banaketa-sareek baino.
Are gehiago, eta barka boutadea, esango nuke nire inguruan jende gehiagok entzun dituela azken urteetako euskal taldeen nobedadeak Ekaitzaldiri esker, dendetan edo Durangon CDak erosita baino. Zer esanik ez, aurkitzen zail samarrak ziren diskoak berreskuratzeko ezinbesteko erreferentzia zen –urrunago joan gabe, Imanolen disko hau Ekaitzaldiri esker lortu dut, bestela ezingo nuen–.
Ados, dena ez direla arrosa eta ardo kontuak, blogak musikari batzuen haserrea ere piztu zuen, euren diskoak aurkeztu baino lehen sarean harat-honat zebiltzalako. Eta eztabaidatu liteke obrak kargatzeko erabilitako plataforma zentralizatuak ote diren banaketa digitalerako aukerarik onena –Megaupload itxi zutenean hautu horren ahulguneak bistan geratu ziren–.
Baina eztabaidarako gaiak dira, gehienez. Argi dagoena zera da: bloga bertan behera geratuta, musikariak aterako direla galtzen. Gaur egun Ekaitzaldik ez dauka alternatibarik. Beste norbaitek lekukoa hartzen ez badu, ez pentsa jendea korrika joango denik disko dendara. Eskura dauzkan musikak entzungo ditu. Euskal taldeen lan gehienak ez daude.
PS: Archive.org webguneak gorde ditu Ekaitzaldiren zenbait pantaila eta horri esker disko batzuen deskarga-loturetara iristeko modua badago oraindik.

17 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA