Joan den astean aipatu genuen Ekaitzaldi saretik desagertu zela. San Fermin bezperatik bloga berriz bisitatzeko moduan dago eta behean irakur dezakezuen mezua argitaratu dute:
Aupa lagunok,
Eskerrik asko. Azken egunotan irakurri ahal izan ditugun Ekaitzaldiren aldeko tweet eta mezuei esker oso ukituta genuen autoestimua apur bat bederen piztu zaigu.
2007tik (6 urte, erraz esaten da) lanean ibili den lantaldea oso nekatuta dago eta bloga uztea erabaki du, horren ondorioz ezabatua izan zen orain dela egun batzuk.
Jendearen harrera ikusita bloga zabalik mantentzea erabaki dugu, baina orain arteko lan taldeak ez du esteka zaharrik eguneratuko eta ez, esteka berririk sortuko. Oraindik bizirik dauden esteka batzuk behintzat erabilgarriak izango dira.
Norbaitek blog honetarako lan talde berri bat sortu edota bertako partaide izan nahi badu, ateak irekita ditu. Gu blogean parte hartzeko gonbidapenak emateko prest gaude interesa badago.
Hala ere, azken urte hauetan blog formatua ez dela elkartrukerako formatu onena ikasi dugu, jende askok helbide elektronikora diskoen estekak bidali arren, horien publikazioa gutxi batzuen eskuetan zentralizatzen da, horrek dakartzan arazoekin. Hori dela eta, inork Ekaitzaldirekin aurrera jarraitzeko asmorik badu guk foro bat sortzea gomendatuko genioke. Foro bat elkartrukerako formatu hobea dela deritzogu.
Ekaitzaldin inoiz parte hartu duzuen guztioi eskerrak emanez agurtzen gara. Eskerrik asko!
Itxiera ulertzeko gakoak hor daude eta antzeko proiekturik abian jartzeko asmoa duenarentzat azken gomendioa kontuan hartzekoa da. Gehituko nuke, Mega eta antzeko plataformak baino, P2P motakoak nahiago ditudala.
Gainontzean, beste hark zioen moduan, that’s all folks!
1 Iruzkin
Lehengo eguneko mezuan zenioen: “Eta eztabaidatu liteke obrak kargatzeko erabilitako plataforma zentralizatuak ote diren banaketa digitalerako aukerarik onena –Megaupload itxi zutenean hautu horren ahulguneak bistan geratu ziren–.” Nire ustez ez dago eztabaida handirik hor: p2p banaketa, bittorrent, da oraingoz iraunkortasun garantia ematen duen plataforma bakarra (zuk ere badiozu aukera hori nahiago duzula).
Kontua da bittorrenten apenas dagoela ezer euskaraz. Ikus-entzunezkorik batere ez. Batzuek notizia ona iritziko diote horri. Nik uste dut seinale txarra dela.