Belaunaldi-komedia dibertigarria da Le week-end, beren harremana berrasmarzeko bikote zahar batek Parisen egiten duen asteburu-pasa kontatzen duena.
Umore ingelesak zipriztintzen ditu Meg-ek (Lindsay Duncan) eta Nick-ek (Jim Broadbent) filmaren hasieratik dauzkaten elkarrizketak. Urteetako harremana antzematen da, maite dute elkar, baina ñoñokeriarik ez, mesedez: patetikoa zara, menpekoegia, ez dut zure saltxitxa-erdi-tente horrekin jolastu nahi… Aitonek eta amonek esaten dituzten gauza horiek.
Txispa handiko elkarrizketa horiei esker pertsonaien tolesdurak ezagutzen joango gara. Ertz ugari dituen harremana erakusten du filmak eta 1960-70etan mundua aldatu nahi izan zuen belaunaldiaren erretratu sinpatikoa da, bere lorpen eta (batez ere) porrotekin.
Hutsen bat aipatzekotan, Jeff Goldblumek jokatzen duen pertsonaia. Nickek lortu ez duen arrakasta irudikatzeko bakarrik balio du eta gidoiak harago joan ezin duenean berragertzen da, deus ex machina. Gainera, gainantzeztu egiten duela iruditzen zait, pertsonaia karikatura izanik pasa litekeen arren.
SAIL OFIZIALA
Le week-end
Zuzendaria: Roger Michell.
Aktoreak: Jim Broadbent, Lindsay Duncan, Jeff Goldblum.
Erresuma Batua.
93 minutu.
2 Iruzkin
Apa Gorka,
ados zurekin. Hala ere, Nicken lagunak baino min handiagoa egin dit eszena honek: lagunaren semeari, honen logelan, Nickek emaztearekikoak kontatzen dizkionean, emaztea ate atzean dagoela jakin gabe. Pelikularen erorialdi bat iruditu zait, truku bat nahi bada. Bestalde, erreferentzia filmikoek asko poztu didate goiza: “Titanic”eko pasiloetako korrika saioek baino Godard eta bere “Bande à part”i egiten zaion omenaldia. Zoragarria ustez bigarren mailako pelikula bateko eszena, tabernako dantzaldia, zinemaren historian nola sartu den ikustea (Bertoluccik ere erabili zuen).
[…] CC-by-sa: Gorka Bereziartua, Boligrafo Gorria. […]