Elipsiaren erabileran oinarritzen da Fernando Eimbckeren Club Sándwich eta nerabezaroaz dihardu.
Ama-semeen arteko zilbor-hestea apurtzea da filmeko gaia zehazki. Oporretan joan dira sasoitik kanpo eta biak bakarrik daude hotelean, seko aspertuta. Mutila gizontzen hasi da eta bere adineko neska batekin topo egitean deskubrituko du sexua. Amak hasieran ez du ondo hartuko, bere semea haur mantendu nahi duelako.
Esan ordez iradoki egiten da hori guztia, erritmo mantsoko filma da, jarrera eta elkarrizketa berdinen errepikapenetan gertatzen diren aldaketa txikien bitartez aurrera egiten du. Hein batean Carlos Sorínen zinemagintza (Historias mínimas edo iaz Zinemaldian ikusi genuen Días de pesca) ekartzen du gogora, nahiz eta agerikoagoa den.
Film motak ez die aktoreei erregistro oso zabala erabiltzen uzten eta alde horretatik bi nerabeen arteko elkarrizketek zombie batzuen artekoen antza edukitzea barka liteke, nahiz eta faltan bota dudan konplexutasun apur bat. Bestalde, momentu benetan graziosoak ditu Club Sándwichek eta termino orokorretan nota onarekin aprobatzen duela esango nuke.
SAIL OFIZIALA
Club Sándwich
Zuzendaria: Fernando Eimbcke.
Aktoreak: María Renée Prudencio, Lucio Giménez Cacho, Danae Reynaud.
Mexiko.
80 minutu.
1 Iruzkin
[…] CC-by-sa: Gorka Bereziartua, Boligrafo Gorria. […]