Überdonostiarraren bakarrizketa Donostia 2016ri buruzko azken albistearen aurrean

Gorka Bereziartua
0

"Benetan, Fulgencio: ez dakit noraino iritsi behar dugun bildukume hauekin".
“Benetan, Fulgencio: ez dakit noraino iritsi behar dugun bildukume hauekin”.

Baina zer dirakurte nire begi kosmopolitek, nola da posible Donostia 2016ko zuzendariak ingelesez ez jakitea? Deituozue maiordomoari, konortea galdu behar dut eta; utzi egin beharko nioke periodikoa leitzeari, zaborreria hau udaletxearen jabe denetik disgustutarako ere ez zait geratuko Suitzan daukadan kontuan.
Eta gainera ba-ze-ki-ten! Hautaketaz arduratu zen enpresak abisua pasa eta nikaso, klaro, beraietako bat sartu behar! Martxa honetan txokokeria nazionalistaren akelarre bihurtuko digute gure kapitalaren kultura eh, zera, kultur kapitala.
A, etorri zara azkenik Fulgencio. Tila bat ekarriko mesedez? Ikusiko zenuen Bildukoen azkena, hauekin aurki denak kaxero! Ez, ez dakit nor zen aurreko zuzendaria, ez. Zergatik galdetzen didazu? Nola ezetz? Nola ez zuen ba jakingo hark ere ingelesez, gutakoek jarri zuten eta? Periodikoak ekarriko zuen tamainako eskandaluaren berri!
–Ez dut gogoan ezer argitaratu zutenik, ez –erantzun dio maiordomoak, atzamar luzearekin ipurdian hazka egin bitartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA