Joan gara ba Lars Von Trierren azkena ikustera egun batzuetako oporrak hartu ditugula probestuta, ez katxondeo gutxirekin, Muchachada Nuin zuzendariaz egin zuten parodia gogoratuz eta iji-aja artean filmari buruzko xehetasunei gehiegi erreparatu gabe. Horregatik lehendabiziko muturrekoa aretoko argiak itzali eta berehala: pantailak dio ikusiko duguna laburpen bat dela, zuzendariaren baimenarekin egina, baina haren parte hartzerik gabe.
Domaia da, mota honetako filmen txistea zuzendariak muntatu bezala ikustea baita. Baina klaro, horretarako arratsalde oso bat behar duzu, gehi irabazi asmorik gabeko zineren bat, zuzendari daniarrak bost ordu eta erdiko pelikula egin baitu eta estreinazank hori. Atzetik etorri behar izan dute beste batzuek metrajea lau ordutan ebaki eta bi partetan aurkeztera.
Harategitik pasa ondorengo lehen film pusketa da beraz aretoetan dagoen Nymphomaniac. Tituluak iradokitzen duen moduan, sexua, sexua eta sexua dira filmeko gaia: etxe atari batean hebain-hebain eginda utzi duten emakumeak (Charlotte Gainsbourg) bere bizitzaren berri emango dio erretiratu erudituari (Stellan Skarsgård). Funtsean larrua jo eta jo pasa ditu bere egunak emakumeak. Tartean galdu ditu lagunak, bikoteak, hautsi ditu familiak (bikaina Uma Thurmanen eszena), hil zaio aita… Gertakizun horiek guztiak sexu pila batekin gatzozpinduta ikusiko ditugu pantailan, modu gordin samarrean; hainbeste, ez dela batere erotikoa.
Eta nahita bilatutako efektua da hori, filmaren azertu handiena, ene uste harroan: sexu prozesatuz gainezka egiten duen gizarte batean, publizitatean, telebistan, eguneroko bizitzako egoera ez gutxitan erotismoaren erabilera biderkatu denean, sexua gaixotasun gisa aurkezten du Von Trierrek, zentzurik, helbururik eta batez ere, plazerik gabeko praktika bezala.
Hori bai, filmaren lehen parteko dialogoek beste pelikula kilometriko bat ekarri didate gogora zoritxarrez, 2010eko Zinemaldian harrera ona izan zuen Misterios de Lisboa. Hartan bezala, Von Trierren azkeneko honetan ere kontatzeko modua errazegia iruditu zait, uste dut honelako istorio bati eska dakiokeela bi pertsonaia aurrez aurre jarrita batak besteari “eta zer gertatu zen gero?” galdetzea baino gehiago.
Gainera, aipatutako mozketa dela medio, filma bukatu gabe bukatzen da eta bigarren parteak zer kontatuko zain uzten zaitu. Alegia, coitus interruptus bat.
(Bigarrena estreinatzean klimaxa bilatzera animatuko garela uste dut, dena den).
2 Iruzkin
Niri ez dit grazia handiegirik egin filmak baina pozik irten nintzen aretotik, bigarrez zatia ikusiko ote dudan argi ez badut ere. Pozik irten nintzen, diot, ikusi nuen muntaia batengatik. Bach, protagonistaren bizipenak eta pantaila hiru zatitan aurkezten den momentuaz ari naiz. Ideia mundiala iruditu zitzaidan. Agian, hor, pantaila bera horrela zatitzea gustatu zitzaidan gutxien; ikusentzunezkoetan dabiltzanek beste soluzioren bat izango dute… baina muntaiaren ideia bera bikaina iruditu zitzaidan.
Aupa Jesus Mari, mila esker iruzkinarengatik. Aipatzen duzunaz gain, badaude gustatu zaizkidan beste kontu batzuk ere, testuan idatzi ez nituenak. Adibidez, treneko eszena kontatzean ibaiko arrainekin egiten den konparazioa. Halako ukitu ironiko bat antzeman nion National Geographic estiloko irudiak sartzeari.
Nik uste filmak badaukala mamia, eta horrelako kontrasteak interesgarriak direla. Baina apur bat noraezean ere badabil, ezta? Agian borobila izan ez arren urte batzuen buruan oraindik gogoratzen den film horietako bat da…