Arantzako ahateak bagina legez, inbutuarekin sartu digute eztarritik Hegoaldeko teleikusleoi Belén Estebanen historia: torero ezagunarekin ezkondu zen emakume pobrea, senarraren familia aberatsak baztertua, alaba aurrera ateratzeko hiltzeko prest dagoen andre sufritua. Dena oihuka, dena hesteetatik, dena arrunkeria neurrigabez esaten duen barrioko heroia. Eta hain fenomeno zabaldua izanda, irakurketa ideologiko ugari sortu ditu.
Markos Zapiainen blogean leitu nuen duela ez asko Tele 5en eta Antena 3ren boltxebismoa izeneko testua. Filosofo irundarrak uste du, Estebanek telebistaren bidez iraultza berdin-zalea sartzen duela ikus-entzuleen etxeetan: “Hainbat eta hainbat eskualdetan aberatsak gura legez erabili izan du pobrea, bere apetarik itsusienak betetzeko tresna mutu izan zaio. Horietakoak dituzu Janeirotarrak, Jesulin eta. Belén Estebanekin ordea ez dute nahi dutena egin ahal izan, Tele 5i esker besteak beste, herriaren printzesa izateraino goititu baitu”.
Kontrakoa uste du Josep Ramonedak, atzoko El Paísen irakurtzen dugunez: “Ez da klase baxuei ahotsa ematea; haiek sutzea da, isilik jarrai dezaten. Beraiek ordezkatzen dituela esaten duen bazter-nahasleari hitza eman diezaioten. Telebista bezalako medio hotzak, dirudienez, adimen-abdukzioa ziurtatzen du, kalean ez dezan ondorio handirik izan: egongelako faxismoa; kulturala, politikoa bainoago”.
Eta artikuluez gain, lan sakonagoak ere publikatu dira. Miguel Roigek Belén Esteban y la fábrica de porcelana (Belén Esteban eta portzelana fabrika) saiakera publikatu du berriki.
Bai, badakit, fribolo itxura du kontu honek. Baina ez naiz txantxetan ari: Z saileko ikus-entzunezko eduki hori milaka jenderen imaginario kolektiboan dago aspaldion, ez gaitezen engaina, baita euskaldunon artean ere. Politikari asko baino barrurago iristen ari da Esteban. Eta irudipena daukat uko egin diogula zabor-mezu horren sakoneko eduki ideologikoa aztertzeari, nolabaiteko pose elitista baten atzean ezkutaturik. Horrek ez du ordea fenomenoa desagerrarazten. Alderantziz, normalizatu egiten du, inor kuestionatzera ausartzen ez den ohitura bihurtzeraino.
Eztabaida falta horretatik sortzen dena boltxebismoa ala faxismoa den? Duda gutxi, nik bigarrenaren osagaiak ikusten dizkiot.
6 Iruzkin
Ramonedaren artikulua oinarri hartuta, gai hontaz mintzatu ziren atzo ser-ko la ventana saioan manuel cruz eta manuel delgado filosofoak:
http://www.cadenaser.com/cultura/audios/kiosko-filosofico/csrcsrpor/20101117csrcsrcul_5/Aes/
Ez da ez friboloa; Belen Estebanen fenomenoa nik uste ongi aukeratutako “panpina” dela. Gainera kontsumoaren gizarteaan, gero eta hedatuago dago erabileraren kontzeptua, dena erabiltzeko dago eta bere erabilera egokia ez denean, zakarretara doa. Une honetan Belenen ahotan jartzen dira hainbat ideia, agian beste era batean ezingo zirenak hedatu, hori da arazoa. Denak ez du balio.
Belén Esteban: faxista ala boltxebike?…
Arantzako ahateak bagina legez, inbutuarekin sartu digute eztarritik Hegoaldeko teleikusleoi Belén Estebanen historia: torero ezagunarekin ezkondu zen emakume pobrea, senarraren familia aberatsak baztertua, alaba aurrera ateratzeko hiltzeko prest dagoe…
Gorka, bistan da ez nuela asmatu testuari txantxa izaera era ulergarrian kutsatzen, edo anbiguotasuna bederen. Zeharo serio aldarrika liteke Antena 3en boltxebiketasuna?
Ramonedarena irakurri dut eta “faxista” hitza hain arrunta den esanahi lauso hiperzabalaz erabiltzen du: Belen Esteban faxista da, ETA faxista da, Jiménez Losantos bezala, Egibar nazia da… Azken batean, El Paisekoentzat faxista da Ondas Saria jasotzeko inongo aukerarik ez duen edonor. Ez da egokiagoa “faxista” eta “nazia” historian oso zehatzak izan diren mugimendu eta erregimen politiko batzuetara mugatzea?
Korrespondentziak bilatzen hasiz gero, Ramonedak hedabide jakin batzuen aurka jotzen du Belen Esteban goititzeagatik, “yo por mi hija mato” dioen Belen Esteban. Ordea, ez al zuen Prisa taldeak eta zehazki El Paísek Felipe González goititu, Belen Estebanen begizulo berdinak dituenak, bestalde (Ramonedak etengabe erasotzen du Estebanen fisikoa); Belen Estebanek “yo por mi hija mato” dio, baina Felipe Gonzalezek betitik zeharka eta azkenotan (hain zuzen El Paisen) ezin gordinago “yo por mi patria torturo y mato” aldarrikatu du, eta Ramonedak ez dio faxista deitu, eta ez du dimititzeko imintziorik egin, egunkari hori izan den arren hiltzailearen bermea eta babesa, hilketen urteak barne eta egundaino. Uharte desertura nahiago Estebanekin Gonzalezekin baino, eta nahiago Berria El Pais baino.
Aupa Markos!
Gaur egun ez dut uste zeharo serio inoren eta ezeren boltxebiketasuna aldarrikatu daitekeenik (tira, joan den astean Marinaledako alkateak kontrakoa pentsarazi zidan; baina arauak ezinbesteko duen salbuespena dela esango nuke). Estebanen fenomenoak, ordea, ezkerrari zer pentsatua eman beharko liokeela iruditzen zait. Azken finean, herria askatzea baita kontua, ezta? Ba hara hor herria, edo herriaren parte baten ordezkari bihurtu den emakumea gutxienez. Alegia, zure testua umorezkoa zen edo ez ez zaidala hainbeste inporta: inporta zaidana jarrera da. Erreferente gisa erabiltzea mundu guztiak ezagutzen duen zerbait, eta hortik irakurketa politikoa egitea (brometan bada ere). Hori zen gutxi gorabehera azken bi parrafoetan azaldu nahi nuena (arrakasta gutxirekin, bistan denez).
heriotz zigorra eskatuz eztarriko zainak gizentzen zaizkionari zer deitu bada?