“Gutako inork ez zuen euskaraz hitz egiten eta hizkuntza –gehiago urte haietan– borrokarako gaia zen, eta ez dakit gu euskal kultura gisa kontsideratuak ginen”, esan zuen ostegunean Enrique Urbizu zinema zuzendariak. Juanma Bajo Ulloa, Daniel Calparsoro eta Helena Taberna lagun, mahai ingurua egin zuten Euskadiko Filmategiak antolatuta.
Kontu garbitzerako balio izan zuela dirudi, Noticias de Gipuzkoak enkontruaz egin duen albistea irakurrita. Madrilera zergatik joan ziren esplikatu zuten solasaldiko momentu batean eta ados zeuden denak: Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza politika seinalatu zuten exodoaren kausa gisa.
Urbizu baino gordinago azaldu zuen Calparsorok: “Madarikatuta bezala geunden, hizkuntzarengatik, gai politikoarengatik, nazionalismoa edo dena delakoa. Miopia sufritu dugu edo ez gintuztela nahikoa euskaldun kontsideratzen. Kontua da ipurtzulotik eman zigutela eta horregatik joan egin ginen”.
Beste norbaiten miopia salatzen duenari ez baitio kalterik egingo bere dioptriak nola dauden zaintzeak, zuzendarioi gomendatuko nieke ikus dezatela urte haietako euskarazko produkzioak jasotako laguntzak nolakoak izan ziren.
Gauza jakina baita Jaurlaritza, 1990eko hamarkada hasieran Euskal Media enpresa publikoa sortzearekin, irizpide digitalak erabiltzen hasi zela sosak banatzeko –alegia: atzamarrak seinalatzen zuen lekura joaten zela dirua–, baina gogoratu beharko da, Urbizuk eta Calparsorok ahaztu baitute antza, orain batere nazionalista agertzen ez den orduko kultura sailburuaren falangeek ez zutela euskarazko produkzioa bereziki saritu.
Bestela esateko, 1990eko hamarkadan Bajo Ulloaren La madre muerta edo Calparsororen Salto al vacío bezalakoak instituzio autonomikoen laguntzarik gabe egin zirela, bai, baina ez horien ordez Lakuako orakuluak euskarazko filmak laguntzen aritu zirelako.
Bota errepaso bat Euskal Mediak finantzatu zituen filmei eta aurkituko duzunak ez du zerikusirik izango ez nazionalismoarekin, ez euskararekin: Paul Leduc-en Dollar Mambo (1993), Felipe Aljureren La gente universal (1993), Ernesto del Ríoren Hotel y domicilio (1995)…
Baina klaro, errazagoa da erakundeek diruak maneiatzeko dituzten irizpideekin zuzenean sartu ordez hizkuntza edo asunto nazionala bezalako lasterbideak hartzea, beti egongo baita politikari oportunistaren bat, zer diot oportunista, konstituzionalista, amuari heldu eta gaia Legebiltzarrera eramateko.
Erdaraz publikatzen duten Euskal Erdiko idazle batzuek horixe egin zuten eta PSEtik geratzen diren arrastoen laguntza eskergaitzarekin, ez zaie batere gaizki joan, baldin eta arrakasta neurtzen bada deusen truke jasotzen den diru publikotan.
Zinegile basko desenfokatuentzat memoria ariketa
Gorka Bereziartua
6 Iruzkin
Ni han nintzen eta Urbizu Carpalsoro baino kritikoagoa izan zela esango nuke. Publikoan inork ez zuen ezer esan baina hurrengo egunenan, 3 belanauldiko zinegileak aritu ziren eta Jose Mari Goenagak zinegileak Urbizuren hitzak salatu zituen neurri batean. Oso era egokian nire ustez.
Aupa Mattin,
Urbizu kritikoago aritu bazela badiozu hala izango da. Prentsaren bidez jaso dut mahai-inguruaren berri eta kazetariek hautatutako esaldiak irakurrita, Calparsoro gogorragoa iruditu zitzaidan, baina bertan egon gabe egindako apreziazioa zen.
Pozten naiz Goenagak beste ikuspuntua eman zuelako. Horrelakoetan problema izaten da entzuleek ildo bakarreko iritziak entzutea eta hori izatea aferaz jasotzen duten informazio bakarra. Kontrasterako aukera izan bazuten, gaitzerdi.
Apa Gorka,
Gustatu zait artikulua. Erakundeek izan zuten (duten) irizpidea ekarriz gaiari hobeto heldu dakioke. Apartheida salatuz euskal zinemaren bigarren belaunaldikoak omen diren ordezkari horiek halako konfrontazio jarrerak hobeto saltzen ziren beste garai hartan geratu dira. Ez dira fin ibili, azkenean kulturgintza baita kaltetua. Pena batekin geratu naiz, belaunaldi berekoa omen Julio Medemek (La pelota vasca) zirauraski gauza interesgarriak izango zituen esateko… Zure artikulura bueltatuz, hirugarren belaunaldikoek arazoak hobeto planteatu dituztelakoan nago (crowdfunding etab.). Azkenean nire kezka hau da, “Deus et Machina” gisako laburmetraia egin duenak zein arazori egin behar dio aurre luzemetrai bat egiteko?
Epa Jesus Mari, mila esker iruzkinarengatik!
Bai, posible da crowdfundingak gauza batzuk erraztu izana, eta orokorrean, bizi dugun testuinguru politiko berriak ere laguntzen du desmontatzen Euskal Herritik kanpo lan egitera joan diren zenbaiten argumentazioak.
Baina, finantzatzeko modu berrien inguruan kontuz ibiltzeko arrazoiak ere badaude agian ez? Dock Of The Bayren harira hau idatzi nuen iaz: http://www.argia.eus/blogak/boligrafo-gorria/2013/10/01/dock-of-the-bay-jaialdiak-ere-crowdfunding-egingo-du-ze-guai/
Apur bat kezkatzen nau kultura berrordaintzearena ez ote garen errazegi asimilatzen ari.
“Deus et machina”-ren zuzendariak film luzerik zergatik ez duen egin… Ba, berari galdetu beharko litzaioke. Dena den, ez nuke deskartatuko metraje laburraren aldeko apustua egin duela. Alegia, estilo aldetik, estetika aldetik… etab. formatu laburrek aukera gehiago eskaintzen dizkiotela.
[…] Iturria: argia.eus […]
Tira! Orduan, hauek dira exiliora jo behar izan zuten 300.000 haietako batzuk! Zeintzuk eta goian zerua behean lurra Madrilera jo behar izan zutenak! Bai, bueltan ditugu, exiliotik bueltan, esanez ez ETAgatik, baizik eta euskararen aldeko diru-laguntza politikagatik egin zutela ihes. Portxulo eman zietela. Bien bitartean, ondoriozta daitekeenez, Asier Altuna “Kixi”, Telmo Esnal eta euskarazko zinea egiten zutenak kolkoa bete diru!
Film bana egin beharko lukete horren guztiaren inguruan, bai horixe, film hiperrealista bat.