Ez dagoela gaizki e, saiatu zaitezkela, baina porrot egiteko aukerak handiak dira: Automata film futuristan robotak ikusi ditugu beren kabuz pentsatzen hasten; eta Lurreko hurrengo espezie nagusi bihurtzeko atarian jarriko dira. Anbizioa badu filmak. Emaitza, ordea…
Lehenbiziko planoetatik da agerikoa Blade Runner ukitua eta, topikoekin segitzeko, esango dugu pixka bat aurrerago istorioak hartzen duen ildoa I, roboten oso antzekoa dela.
Baina azkar hasten da hondoa jotzen, ia ikusten ari garen giza zibilizazioaren dekadentzia baino abiada biziagoan, halako moldez non, sortzen duen jakin-min bakarrenetarikoa den ea zer bukatuko den aurrena, humanitatea ala filma bera: minutu pila betelanean, batere konbentzitzen ez duen Antonio Banderas bat eta sakon usteko dialogoak giza espeziearen sorrerari buruz, robot ultra-inteligente batek baino Sergio Ramosek sinatuko lituzkeenak.
Etxeko zakarrak biltzeko Roomba aspiradore robotiko horietako bat baldin baduzu, kasik hobe ateratzen zaizu ordu eta erdiz nola lan egiten duen ikustea. Seguru film hau bezain esperientzia emozionantea irudituko zaizula.
SAIL OFIZIALA
Autómata
Zuzendaria: Gabe Ibáñez
Aktoreak: Antonio Banderas, Brigitte Sorensen, Dylan McDermott, Robert Foster, Tim Mcinnerny, Melanie Griffith
Espainia
110 minutu