Diru zikinarekin lotutako film eraginkorra ekarri du Michael Roskamek Sail Ofizialera. The Dropek negozio ilunen munduan bizitzea beste erremediorik ez duten pertsonak karakterizatzen asmatzen du.
Ondo eraikitako pertsonaiak eta konplexua izan arren, hari mutur guztiak harilkatzen asmatzen duen filma da. Marv eta Bob tabernariak ditu proagonista, garai batean legez kanpoko apustuekin diru pixka bat irabazi zuten bi lehengusu, ondoren mafioso txetxeniar baten menpeko bihurtuak.
Itxuraz Marv (James Gandolfini) da asuntoa daramana, baina istorioak aurrera egin ahala, hasieran pixka bat tontoa zirudien lehengusuaren (Tom Hardy) dimentsio ezkutuak ezagutzen joango gara.
Pertsonaia horren izaera enigmatikoa eta puntu batean sorpresiboa da gehien gustatu zaidana, berea ez den mundu baten kodeak zein barneratuta dauzkan progresiboki erakusten baitzaigu. Eta azpimarratzekoa da trama eraikitzeko modua ere, zaborretan aurkitzen duen txakurtxoaren inguruan.
Gainontzean, esperimentu handirik ez du egin zuzendariak, ez errealizazioan, ezta pertsonaia-tipoetan ere, nahiko ohikoak dira denak (tipo gogorrak, tipo gogorrei adarra joz dirua irabazi nahi dutenak, norbait hil izanaren famarekin auzoan nahieran ibil daitezkeela uste duten morroiak, polizia inkonpetenteak eta, nola ez, zentzu pixka bat edukitzearen itxura duten bakarrak: emakumeak).
The Drop: Negozio zikinen munduaren egunerokotasuna, irteerarik eta salbatzeko aukerarik gabe. Eta, hori jakinda, konposturari eutsiz. Ez baitago besterik.
SAIL OFIZIALA
The drop
Zuzendaria: Michaƫl R. Roskam
Aktoreak: Tom Hardy, Noomi Rapace, James Gandolfini, Matthias Schoenaerts
AEB
107 minutu