Boligrafo Gorria
Zinema - ikus-entzunezkoak
by Gorka Bereziartua
  • Zinema - ikus-entzunezkoak

Gone girl: film feminista ala misoginoa?

Gorka Bereziartua
2014-10-20
1

Desagertutako emakume baten inguruan egituratzen da 'Gone girl'-en argumentua.
Desagertutako emakume baten inguruan egituratzen da ‘Gone girl’-en argumentua.

“Azken urteetako mainstream film feministena” dela esan du Todd VanDerWerff zinema kritikariak Vox.com atarian –ez da alderdi espainiarraren webgunea, lasai–. Erabat misoginoa ote den galdetu du The Guardian egunkarian Emine Sanerrek edo, kontrara, emakumeen jabekuntzaren aldeko mezua nagusitzen ote den. David Fincherrek zuzendu duen azken filmaz ari gara, Gone girl trhiller psikologikoaz.
Zalantza horrekin atera nintzen neu ere aretotik. Eta uste dut filmaren trikimailuetako bat anbiguetate deliberatu horixe dela –nolabait Madonnak bere bideoklip batzuetan erabili izan duenaren antzeko mekanismoa da, patriarkatuaren baloreak erreproduzitzen ote dituen ala emakumeen askatasunaren alde ari ote den inoiz erabat garbi uzten ez duena–.
Emaztea modu misteriotsuan desagertu ondoren haren hilketaren susmagarritzat hartuko dute senarra eta pixkanaka joango gara jakiten, itxuraz bikote bizimodu ideala zeukaten Nick Dunne (Ben Affleck) eta Amy Elliott (Rosamund Pike) hausteko zorian zeudela.
SPOILER PARAGRAFOA, KONTUZ: Baina desagertzea faltsua da, inork ez du inor bahitu, emazteak dena prestatu du senarra bere hilketaren errudun jo eta –esan al dut Missourin gaudela?– heriotza zigorrera kondena dezaten.
Istorioak aurrera egin ahala ikuslearen baitan hazten joango den sentsazioa da ezin duela inorekin fidatu, istorioak beti hartzen duela ezusteko errebueltaren bat, Ford Madox Forden Historiarik goibelenako narratzaileak errodatutako filma balitz bezala. Eta agian hori da pelikularen mezu nagusia: dena dela fartsa bat, ezkon-bizitza, familia, lagunekin eta ingurukoekin dauzkagun harremanak…
Eta salatzen du hedabideak tartean sartzen direnean, fartsa areagotzeko baino ez dela, gezurren zurrunbiloa esponentzialki hazten baita lehenbiziko TB kamera agertzen denetik aurrera. Baina horrek ez du gehiegi inporta, baldin eta pertsona bakoitza gai bada egokitu zaion rola behar bezala antzezteko.
Gero ja, aipatutako anbiguetate kalkulatu hori dela-eta, ikusleari tokatzen zaio erabakitzea zeinen alde jarri nahi duen. Argi daukat irakurketa ohikoena tranpan erori den senarraren alde jartzea izango dela, bizi garen gizartean zabalduena dagoen balore-sistema badelako hori gertatzeko bezain matxista –baita gehiago ere, noski–.
Nolanahi, uste dut pelikulak aukera ematen duela Pikek bikain jokatzen duen emazte “gaizto” horren alde egiteko ere, azken finean, ez baitzaizkio ukatzen senarra suntsitu nahi izateko motiboak. Eta hori ere empowermenta balitz? Agian filmari egiten ahal zaion irakurketa feminista interesgarriena hortik etor liteke: boterea hartzeak konplexurik gabe eskuak zikintzea ere esan nahi duela.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

ben affleckdavid fincherfeminismoagone girlrosamund pike
1 Iruzkin
    15 maisuak: Gaur egungo zuzendari onenak | Ikusi makusi… zer ikusi? (e)k dio: Erantzun
    2014-11-06, 8:14

    […] Momentu honetan, mundu mailan dagoen zuzendari onena ez bada, bost onenen artean dagoela ziur. Bere azken fimak -Gone girl- akatsak dituen arren, nabarmentzeko modukoa iruditzen zait bere filmografia bikainaren barrruan. ( ez galdu Gorkaren artikulu hau). […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Patrick Modiano irakurtzen hasteko bost gako, Pello Lizarralderen eskutik2014-10-10
Egile eskubideak kudeatzeko euskal agentzia martxan da2014-10-22
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA