Notizia txiki bat, primizian beharbada, eskaini behar dizuet gaurkoan: atzo teatro bat bete zen euskal antzezlan batekin. Eta ez zen ikuskizun arin bat, ezta arrakastazko erdal antzezlan baten hala moduzko itzulpena ere. Antzerkiola Imaginarioaren Babiloniako loreak obrak lortu zuen balentria, istorio xume, hunkigarri eta, une batzuetan, barregarriarekin.
Ines amonaren azken egunak kontatzen dizkigu Hegoak: nola itzaltzen doan pixkanaka, leihotik zaldiak ikusten dituen bitartean, barrua zuloz beteta daukala esanez. Eta nola, itzaltzen ari den neurrian, putreak eta otsoak hurbiltzen diren haren ohe ingurura: apaiza eta politikaria, medikua eta enterradorea.
Ander Lipusek bikain jokatu zuen Inesen rola. Oso etxekoa egin zitzaidan bizkaiera bikainean eta erdara traketsean hitz egiten duen amona hori. Istorioaren berezko kolore tristeari kontrapuntu polita jartzen diote gainontzeko pertsonaiek, bakoitza bere komikotasunean, txaranga musikarekin taularatzen direnean.
Gustura atera ginen antzerkitik, sartu aurretik geneuzkan aurreikuspenak gaindituta. Baina esnatzean, dinosauroa han zegoen oraindik: etxean ETB2 jarri, eta Bilbao, Bilbao musikalari minutuak eta minutuak ari ziren eskaintzen. Nire baitarako: noiz egingo dute antzeko zerbait gaur ikusi dugun obrarekin?
Gezur handi bat baitabil azken aldian ozenagotzen nire belarrietan: jendeari produktu errazak eskaini behar zaizkiola; osterantzean ez duela libururik irakurriko, musikarik entzungo, antzezlanik ikusiko. Eta horregatik informatibo publikoan Dan Brownen azken liburuaz hitz egiten dizute edo La Oreja de Van Gogh-en disko berriaz. Euskaraz, noski, ez da eduki errazik sortzen.
Ba, andre-jaunok, ez nago ados. Atzoko Antzerkiolaren arrakastak erakusten du, erakutsi behar baldin bazen, kalitatezko lanak eskainita ere jendea biltzen dela erruz. Ez dela publikoa tontotzat hartu behar, noiz eta, nahita edo nahi gabe, inoizko kultur mailarik handiena daukanean, edo edukitzeko aukera behintzat.
Iruditzen zait “erraza”-ren eta “arina”-ren aldeko diskurtso horiek nahiko ustelduta geratzen ari direla: hor ere ALDAKETA bezalako hitz potoloak sartzen hasi beharko dugu agian. Orduan, zeinek daki, lortuko dugu agintari publikoren batek kasu egitea, eta telebistan behar bezalako kultur edukiak emititzen hastea.
Bien bitartean, gomendio bat: ez galdu Babiloniako loreak ikusteko aukera.
Eguneraketa (2009-XI-5, 12:03):
Erantzunetan La 2eko Mandrágora saioan antzezlanari eskainitako erreportajea aipatu dute, eta Iturrik bere blogean txertatu du. Nik ere egoki ikusi dut hona ekartzea:
Antzerkiolaren arrakastaz pentsamendu erraz eta arin batzuk, mundu guztiak ulertzeko modukoak
Gorka Bereziartua
9 Iruzkin
Ados diozunarekin Gorka. Nik ostiral iluntzean izan nuen aukera “Babiloniako Loreak” ikusteko. Gazteszena bete egin zen, eta ni ere harrituta geratu nintzen. Poztekoa da, oso gainera, halako proposamenen aurrean tarteka jendeak duen erantzuna. Tarteka diot, egin duzun irakurketa ez delako guztiz zuzena.
Zorionez Lipus-Gaztañaga bikoak eta Antzerkiola Imajinarioak merezitako jarraitzaileak batu ditu, eta hedabideen arreta piztu. Eitb kulturak lekua egin zien, baina are leku gehiago La2 telebista katearen arte eszenikoen saioak. Nago (basque kvult-en terminologian barneratuz) Television Españolak kasu gehiago egiten diola EHko arte eszenikoari (zinema barne), EITB eta gainontzekoek baino. Baina hori beste kontu bat da.
Irakurketa ez zuzenarekin bueltan, esan nahi nizuke Gazteszenan ikusi zenuena ispilu hautsia dela. Badirudi, baina ez da. Karabirubi. Sona hartu duten antzezpenetara jendea hurbiltzen da. Baina badira beste hainbat antzezlan txiki, antzerki talde txiki… igerian itotzen direnak. Antzerkiolarekin gozatu duten gehienek beste antzezlan txikiagoen alde apustu egin beharko lukete. Izan ere, antzerki mugimenduaren “jet-setean” azaltzea beti izan da gurean “garrantzitsua”. Bertso txapelketekin antzekoa gertatzen da… “Bai, nik ikusi dut” edo “Bai, ni bertan izan nintzen”. Bla bla bla. Gazteszenakoa aurrerapausoa da, baina atzera azkar egiten da gurean.
Aupa Iñaxio!
Bai, ni ere ados nago diozunarekin, baina uste dut gai diferenteetaz ari garela: bat da medioek berez egiten duten hautua, eduki erraz, estandar eta arinei protagonismoa ematea alegia, eta hori zen kritikatu nahi nuena. Eskaintzen denak ez duela zertan horrelakoa izan multzo polit bat erakartzeko.
Bestea, zuk diozuna da: zerbait ezagun samarra egiten denean mugitzen dela jendea; ez dugula (ze, harriak botatzen hasita, norberaren kopetari txintxarren bat jaurti behar zaio) gure erreferentziak bilatzeko ahaleginik egiten. Eta horrekin ere, esan bezala, bat egiten dut.
A2 diozunarekin. We love you Gorka!
Ostegunean Anari ikustera? Arroitajauregi anderea (edo Mursego) ikusteko gogoa dut Gazteszenan izango da eta.
Oso interesgarria Gorkaren gogoeta, eta baita erantzunetan hartu duzen ildoa ere. Pozgarria izan da benetan horrelako emanaldi batekin aretoa lepo ikustea.
Kalean berriz, aretoko ataritik metro batzuk urrundu eta belarri arrotzen uhin-eremutik aldentzean, orduan hasi zen jendea (ohiko moduan) txalorik gabeko gogoetak egiten. Denetik entzun nuen nik, asmatu zutela honekin, horrekin ordea ez, batetik gauza gehiegi ez ote zuten nahastu, bestetik pertsonaia batzuen magia… bost axola gustu kontuak, argi dagoena da barrenak astindu zituela “Babiloniako loreak”ek, eta zoritxarrez oso gutxitan gertatzen zaigula hori. Publiko gisa ez gintuzten tontotzat hartu bada, eskerrik asko!
Nik Zornotza aretoan ikusi nuen estreinako aldiz, larunbatean Gasteszenan berriz ere loratu nintzen eserlekuan. Hobe bigarrena, emanaldiak egin ahala haziko den lana delakoan nago. Ehungarrenean (egungo merkatuan kultura-fikzioa eginez hoberena opa baitiet) joango naiz berriro ikustera, eta are milagarrenean ere.
Aipatzen duzuen moduan ha da L2 kateak “La Mandragora” saioan botatako bideoa:
https://www.youtube.com/watch?v=UbOOjL4iOiI
Kaixo Gorka:
Goizean ikusi dut post hau, baina orain arte ezin izan dut erantzunik utzi. Jon izeneko batek utzi dit nik idatzitako Babiloniako loreak apuntean honarako lotura.
Laburbilduz: ez da lan borobila, baina gauza on asko ditu. Poztekoa da obrak jaso duen publikoaren erantzuna (euskarazko obra izan da erdaldun asko), hizkuntz biak natural entzuten dira, erabat sinesgarria da Lipus amonaren paperean, oso elegantea Gaztañaga, ederra politikariak, batez ere, jasotzen duen zaplastekoa, Nikosia ere tamainan, etab., etab. baina uste dut luzeegia dela obra eta amaierak ez ninduen asebete.
La Mandrágora: euskal artistek apenas duten tokirik Espainiako komunikabideetan (pribatuetan ezer ere ez). Dena den, La 2eko saioren batek edo bestek (garai batean Radio 3eko baten batek bezala: orain ez dakit, ez dut entzuten) ondo tratatzen dituzte horrelako artistak.
Aupa Iturri!
Antzezlana luzea zela esan zidaten niri ere, baina behin bertan, ez nuen sentsazio hori izan. Egia da agian azkeneko partea laburxeagoa izan zitekeela, baina ni behintzat erabat sartu nintzen istorioan eta ez nuen artazirik faltan bota.
La Mandrágoraz ezin dut hitz egin, ez bainuen Antzerkiolari buruz hitz egin zuten saio hori ikusi; Radio 3en egia da batzuetan euskal musikariez hitz egiten dutela, baina… Ez al dira bai La 2 eta bai Radio 3 RTVEko kanal (nolabait esatearren) “indie” kutsukoenak? Esan nahi dut, euskaraz sortutakoari egiten zaion kasu apurra ikusle selekto xamarrari bideratutako lekuetan egiten dela, ez dela homologagarritzat jotzen, nire ustez behintzat.
Euskal kultura Euskal Herritik kanpo ez al da ba “indie” samarra? Arraroa, ezohikoa, batzuetan politizatua, abertzalea, sozialista, miau, guau, … ?
Berri Txarrak batek akaso hautsi lezake hori. Baina batek jakin. Edo Kirmen Uribek? Edo Kepa Junkerak, …
Bitxia dena da, gutxienez, “indie” kutsuko programak badirela atzerri hurbilean (Espainia), eta gurean ba al da horrelakorik? Telebistan bideoklip festa, eta irratian formula… Lotsagarria da benetan gure kulturari gurean egiten zaion tarte eskasa.
Ia ahaztu zait Babiloniako Loreak obraren luzeeraz mintzatzea… Nire ustez egokia da, baina bukaerako kantuak ia akatu ninduen. Halakoak aitortu behar dira.