Hildakoak ere aspertzeko modukoa

Gorka Bereziartua
0

Txinako haur bakarraren politika du ardatz filmak.
Txinako haur bakarraren politika du ardatz, ustez, filmak.

Banantzeko zorian dauden gurasoak eta arazo kardiologikoak dauzkan alabaren istorioa da Liu Haoren Xiang bei fang. Zuri-beltzean errodatua, argazkia da filmeko gauzarik interesgarriena. Makalune gehiegi ditu ordea, ikuslearentzat ezer interesgarria eskaintzeko.

Filmetik atera naizenean nire buruari serioski galdetu diot zergatik ikusi behar duen inork lan hau. Pelikula geldoen zalea naiz eta normalean gustatzen zaizkit Liu Haok filmean itxuraz landu nahi zituen harreman konplexuetan eta gizarteak ezartzen dituen baldintzapen ikusezinetan oinarritzen diren istorio barnerakoiak. Baina ekoizpen txinatar honen bi orduaen ondoren, proiektu bat ikusi izanaren sentsazioarekin geratu naiz, bukatu gabea dirudi.
Duela bost urte Addicted to love aurkeztu zuen Liu Haok Donostian. Han ikusitako estilo-marka batzuk hemen ere errepikatu ditu, enkoadre dotore bat lortzen duenean filmean hainbat aldiz errepikatzea adibidez. 2010eko edizioan ez zuen lortu efektu horrek gauza handirik transmititzerik irudiak eragiten duen inpresiotik harago; eta honetan ere ez. Gainera, musikarekin ere antzeko jokaldia egin du. Inolako esanahirik erantsi gabe ordea, errepikapen zentzugabeko baten traza hartzen zaio.
Pertsonaiak eta filmaren tonu orokorra aseptikoak dira, enpatia eragin zezakeen edozer anikilatu du gidoiak, horren ordez metrajea alferrik luzatzen duten joan-etorriak sartuz. Eta ustez landu nahi zuen gaian –familia bakarraren politikak txinatar askori eragiten dien drama pertsonala– ez du behar bezala sakontzen. Sail Ofizialean ikusi dugun lanik aspergarriena beharbada.
SAIL OFIZIALA
Xiang bei fang
Zuzendaria: Liu Hao
Aktoreak: Nan Sheng, Su Yijuan
Txina
120 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA