Film hau ez da Habanako errege

Gorka Bereziartua
0

Kuban girotutako filma da 'Pa negre'ren zuzendariaren lan berria
Kuban girotutako filma da ‘Pa negre’ren zuzendariaren lan berria

Aurreikuspenak onak ziren Agustí Villarongarentzat duela bost urte Donostiara ekarri zuen Pa negre gerraosteko istorioaren ondoren. Horregatik, beharbada, dezepzioa handiagoa izan da El rey de La Habana errepikakor eta topiko samarra ikusi ondoren.

Ama eta anaia hil ostean bere kabuz biziraun behar duen Reynaldoren kutsu dickenstarreko istorio honek sexua du motore nagusi filmaren lehen partean. Badirudi zuzendariak zer pentsatua eman nahi izan duela pobrezia egoeran dauden pertsonentzat sexu-harremanek izan ditzaketen askotariko motibazioez –maitasunarekin, diru premiarekin, jabetzarekin eta boterearekin lotuta agertuko zaigu filmeko eszena diferenteetan–; eta planteamenduak interesa izan zezakeen, batez ere protagonistak, oso matxoa izanik ere, transexual bat ezagutu eta berarekin harreman definikaitz bat hasten duenean.
Baina garapenean erremediorik gabe huts egiten du, maitasun triangeluaren klixean trabatuta geratzen da, dialogo errepikakorretan eta Kubari buruzko topikoetan murgil egiten du –bertakoen umore berezia gainesplotatuta agertzen zaigu, adibidez; eta zer esango dizuet santeriarekin lotutako eszena exageratuaz– azken konpasetara agonizatzen iristeraino. Salbagarria filmaren argazkia da agian, hasiera koloretsu eta bizitik amaierako iluntasunera egiten duen eboluzioa ondo eramana dagoela uste dut.
Drama sozial astun xamarra, hori da bukaerako emaitza. Eta pena da, istorioak bestelako aukerak ere eskain zitzakeen-eta.
SAIL OFIZIALA
El rey de La Habana
Zuzendaria: Agustí Villaronga
Aktoreak: Maykol David Tortolo, Yordanka Ariosa, Hector Medina, Ileana Wilson, José María Sánchez, Chanel Terrero, Jonathan Maravilla, Lia Chapman, Jazz Vilá
Espainia-Dominikar Errepublika
125 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA