Nola galdu zure bizitzako 100 minutu alferrik

Gorka Bereziartua
0

Alex de la Iglesiaren filmean, Langabezian dagoen Jose, Urte Zaharretako programa berezi batean figurante gisa lan egitera bidaliko du aldi baterako laneko enpresak
Alex de la Iglesiaren filmean, Langabezian dagoen Jose, Urte Zaharretako programa berezi batean figurante gisa lan egitera bidaliko du aldi baterako laneko enpresak

Ez neukan esperantza handirik Alex de la Iglesiaren Mi gran nocherekin, baina behin ikusita esan dezaket aurreikuspen txar guztiak gainditu dituela. “Umore” merke eta erraza, topikoen etengabeko esplotazioa eta kasparen parodia gisa saltzen den film kasposoa egin du zuzendari bilbotarrak.

Horrelako produktu batek Sail Ofizialean zer egiten duen galdetzen diot nire buruari, lehiaketaz kanpo bada ere, festibalean parte hartu ahal izango zuten beste film batzuei lekua kentzeko besterik ez duela balio konbentzituta bainago. Bururatzen zaidan erantzun bakarra zera da: zinema espainiarrari beti zor diola bere kuotatxoa Donostiak.
Urte zaharreko telebistako gala baten grabazioaren inguruan osatu du pelikula; mota horretako programa batean ohikoa den fauna aurkezten zaigu, etengabe larrua jotzeko gogoz dagoen pop izar latinotik Raphaeleraino, grabazioan extra lanak egiten ari diren klase apaleko jendearen karikatura diren hainbat lagunengandik pasaz. Pertsonaia guztiak dira estereotipo hutsak eta filmak ikuslearengan eragin nahi lukeen barrea enlatatuta sartzea baino ez zaio falta. Osagai horiekin, ez da harritzekoa emaitza horterada hutsa izatea. Kontua da, filmak horterismo horren parodia izan nahi lukeela eta lortzen duena berriz, haren birformulazio postmodernoa izatea dela.
Cuñadismoaz hitz egitea modan dagoenez, gaiaz tesi bat egiteko moduko materiala aurkituko du ikerlariren batek lan honetan. Gainontzekoontzat, ikusi bezain azkar ahaztuko dugun zerbait izatea espero dut.
SAIL OFIZIALA (lehiaketatik kanpo)
Mi gran noche
Zuzendaria: Álex de la Iglesia
Aktoreak: Raphael, Mario Casas, Pepón Nieto, Blanca Suárez, Santiago Segura, Carlos Areces, Enrique Villén, Jaime Ordóñez, Terele Pávez, Carolina Bang
Espainia
100 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA