Negu Gorriaken kanta batean bezala pasa duzu igandea: Itxoiten. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalerako sarrerak erosteko ilaran, itxoiten. Sarrerarik gabe geratu zarenean, azken finalerdia ikusteko, itxoiten. Belodromoan sartu, eta saioa hasi bitartean, itxoiten. Bertsolariari gaia jarri, eta hamarreko txikia bota bitartean, itxoiten. Puntuaketei itxoiten. Jendetzaren artetik ateratzeko, itxoiten. Parkingera iristeko, itxoiten. Ordaintzeko makinarako, itxoiten. Makina konpontzen duten bitartean, itxoiten. Errepidera irteteko, itxoiten. Radiokasetak Bide Ertzeanen azken CDa irakurri bitartean, itxoiten. Eta aurreneko kanta entzuten hasten zarenean ere, zera errepikatzen dizu: “aukera berri baten esperoan, esperoan…”.
Ezinegona domatzeko-edo, zure buruari esaten diozu kontua umorez hartu behar duzula; ez dela gai txarra, itxarotearen hau, Euskalerria Irratiko burutazio bat idazteko. Eta sortzen ari den auto-ilaran zain, esperoan, itxoiten zauden bitartean, “itxarongela nazionala”-ren ideiari bueltak ematen hasi zara. Giroan antzematen duzu, bertsolari batzuek agurretan esan dituztenetan, lagunartean ateratzen diren tertulietan, zerbaiten zain dago, daude, gaude. Arrazoia izango du Sarrionandiak, Hitzen ondoeza liburuan dioenean, Euskal Herrian politikazko gauzak hain ilun daudenez, irudi duela inor abertzalea denean ‘a ber…’ sarritan esaten duelako dela.
A ber… Altsasukoarekin; A ber… menia batekin; A ber… elkar hartuta; A ber… bitartekaritza internazionalagaz; A ber… Europan; A ber… estatuen borondatea; A ber… A ber… A ber… Itxarongela nazionalaren hari musikala da. Belaunaldiak ari dira pilatzen, bakoitza bere herren eta ubelekin, hainbeste jenderentzako prestatuta ez dagoen lekuan. Eta ez da txandarik pasatzen, a ber… dioenak ez du erantzunik jasotzen. Gainera, egonaldia luzatzen ari dela ikusita, lelo batzuk zahartzen hasi dira: ematen du ezin dela gehiago errepikatu “Herri bat martxan” hura, “Herri bat zain” esaldiak laburbiltzen duela hobeto gure zeitgeista.
Ez zaizu gustatzen itxarongela nazionala. Irudipena duzu, eta barka topikotzarra, “arazo handia” konpondu bitarteko egonaldi honek aitzakia ederra eskaintzen diola bati baino gehiagori aberriarenak ez diren aferetan eskuineko, karka eta, estutuz gero, fatxa samar ibiltzeko. Beraz, ilaratik atera zara eta liburu-dendarantz abiatu, burua etorkizunez armatzera. Itxarongela hustutzen denean ere beharko baita materiala elkarren kontra aritzeko, eta hobe da ondo prestatuta egotea gauzak berriz martxan jartzen direnerako.
1 Iruzkin
Ez gaude ordea “a ber” zer gertatuko beti. Ari gara, ari garenez lanean: zuek astero euskarazko prentsan, kultur proiektuetan besteak, emakumegintzan besteak… Hori da gure martxa, ez da ikaragarria, badakit, baina poliki izan arren dabilen harria gara. Zain egoteari aspaldi utzi genion egiteari ekiteko. Argigarria izan daiteke artikulu hau: http://teketen.com/2009/12/izan-ez-egon