Bukatu zaizkio aitzakiak teatrora joateko nagi samar jartzen zaizun lagun horri: sarrerak garestiak direla, ea zenbat denbora irauten duen, gauza arraruno hori ez duela ulertuko… Helduiozu belarritik eta segi Tabakalerara.
Donostiako Egia auzoko kulturgune erraldoiaren txoko batean aurkituko duzu El Sekadero taldearen lokala. Leku diskretua, polit apaindua eta dinamikoa: asteazkenetik igandera formatu txikiko bi antzezlan eskaintzen ari dira, bataren eta bestearen artean 20 minutuko tartearekin –beraz, ia edozein momentutan sar zaitezke antzezlan bat ikustera–.
Amaia Irazabalek zuzendu, idatzi eta protagonizatutako Eltxoak da obra horietako bat, taldeak euskaraz egin duen lehenbizikoa, emakume baten ahalduntze prozesuari buruzko komedia minimalista. Metafora sinpleak erabiliz, oso denbora laburrean lortzen du istorioa modu dibertigarrian kontatzea. Asteburu honetan eskaini dituzte lan horren azken emanaldiak, baita gaztelaniaz egin duten Selfierenak ere, hamabostero berritzen baitute antzoki txiki honetako kartelera.
Bospasei lagunentzat prestatutako areto batean errepresentatzen dituzte obrak, antzerkian ohituta gaudena baino hurbiltasun handiagoa sortzen duen giroan.
Esperimentu ezohikoa irudituko zaio baten bati. Hori baino gehiago ere badela iruditzen zait: antzerkia eguneroko erritmora egokitzeko modua izan liteke, kafe bat hartzeko behar duzun tartean antzezlan bat ikustea aberasgarria da. Eta Donostiako zenbait lekutan kafe horrek daukan preziotik ez dabil oso urrun –e, Ambrosio?–, 4 euro kostatzen da sarrera.