Hil da David Bowie, bukatu ote da pop musikan berrikuntza?

Gorka Bereziartua
0

Urtarrilaren 10ean hil da David Bowie, 69 urte bete berri.
Urtarrilaren 10ean hil da David Bowie, 69 urte bete berri.

Ez zen ba oso aspaldi: Googlek esaten didanez 2012an ikusi genuen Dock of The Bay jaialdian The sacred triangle dokumentala –dena esaten hasita faktura nahiko telebisibokoa, hau da, zine areto baterako baino egokiagoa etxeko salan ikusteko–. David Bowie, Lou Reed eta Iggy Popen arteko harremanak ziren dokumentalaren ardatza.

Hiru urte, 1971, 1972 eta 1973, gauza txikia pertsona arruntarentzat, garai transzendentala hiru musikarientzat eta pop musikaren historiarentzat. Tarte horretan kaleratu ziren Bowieren The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars, Lou Reeden Transformer eta The Stoogesen Raw power disko ezinbestekoak.
Oso aspaldi ez zen, ez, baina dokumentala ikusi genuenean hiru protagonistak bizirik zeuden. Gaur, David Bowie hil ondoren, Iggy Pop bakarrik geratzen da zutik eta gaseosa batekin ere eztulka hasten da.
Ez da aldatu den gauza bakarra, ezta agian garrantzitsuena ere. Hildakoak eta zahartutakoak aparte, dokumentalean kontatzen zirenetatik hura ikusi dugun 2010eko hamarkada honetara, begi-bistakoa da pop musikak gizarteko fenomeno gisa jasan duen dekadentzia. Gaur egungo zein musikariren ibilbide konpara dezakezu aipatutako hirukotearen eferbeszentziarekin? Entzuleok ere, etengabeko bilaketa artistikoan arriskuak hartzeko prest daudenekin geroz eta hotzagoak garela pentsatzen dut maiz.
Bowieren heriotzarekin ia bukatutzat emango al dugu, hortaz, masei zuzendutako musikaren esparruan berrikuntzak posible ziren garaia?
“Esan liteke krisi ekologiko baten baliokide musikal-kulturalaren lekuko garela, poparen baliabide finituak agortzeraino ustiatutako lurra izango balira bezala”, irakur daiteke Simon Reynoldsen Rockaren ondoren artikulu bilduman.
Apokaliptikoa izan nahi duenak hementxe utz dezake artikulua.
Astelehena da ordea, eta Bowie hil da. Txarra dena okertzea ez dago gaurko planen artean, beraz akaso post hau Reynoldsen beste zita batekin bukatzea izango da onena.
“Zergatik da hain garrantzitsua pop musika etengabeko berrikuntzan aritzea? Balirudike presio berezia dagoela, poparen gaineko karga historiko bat, beste arte formei berdin aplikatzen ez zaiena. Fikzio esperimentala, adibidez, ghetto txiki bat baino ez da kalitatezko literaturaren baitan; editore, kritikari eta irakurleek ez dirudite larrituta hurrengo James Joyce edo Alain Robbe-Grillet noiz iritsiko, kontrara, nobelaren artearentzat nolabait freskoa den zerbait dakarten ahots indibidualak bilatzen dituzte, eta bitartean, orokorrean, narratibaren eta naturalismoaren balore tradizionalei lotuta jarraitzen dute, pertsonaiei eta ondo zedarritutako elkarrizketei (…) Aurrerakuntzari genion fedea modu txarrean astindu da berriki: fundamentalismo erlijiosoaren berragertzearekin, beroketa globalarekin, zatiketa arrazial eta sozialak sakontzen ari diren ebidentziarekin. Gainontzeko guztia atzeraka doala badirudi, nola irten behar zuen onik pop zahar eta pobreak? Beharbada horregatik musikaren nozio diferente bat ari da nagusitzen: ez da gehiago etengabe berritasunez kargaturik datorren shock hura, jarraikortasun-indarra baizik, egonkortasun zimendu bat mundu prekarioan”.
Ch-ch-ch-ch-changes

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA