Esplikatu behar ez diren arrazoiengatik, parean tokatzen zaizkidan bakoitzean interesez irakurtzen ditut Paco Letamendiak idazten dituenak eta atzo ez zen gutxiagorako izan: “Construir la independencia” izeneko artikulu sakona publikatu zuen EHUko irakasleak Gara egunkarian eta hari interesgarri asko dauzkan mataza dela iruditzen zait.
Horietako gehienak handi geratzen zaizkit, baina artikuluak ukitzen duen azken puntua kulturari buruzkoa denez, ñabardura batzuk egitea beharrezkoa iruditu zait.
Letamendiak dioenez, “kultura autoktonoa (euskal literatura, kantuak eta ikus-entzunezko sorkuntzak, bertsolaritza) gaur egun urrezko aroa bizitzen ari da. Baina kultura autoktonoaren aberastasun horrek ez dakar kultura unibertsalaren esanahia behar bezala ulertzea, bereziki eraikuntza teoriko politiko-sozialaren bidez, eta nola zabaltzen duen independentziaren aukeren egitura”.
Unibertsalaren espazio hori ez okupatzeak dakartzan arriskuak ere iragartzen ditu: diskurtsoa itotzea eta zailtasunak areagotzea herri honek kultura unibertsalean leku propioa –artikuluan “nicho” darabil– izan dezan.
Tira, autoktono/unibertsal dikotomia planteatzen den bezala mahai gainean jartzea gainditu samarra dagoela iruditzen zaidan arren, problema nagusia gero dator, artikuluaren azken paragrafoan: Letamendiak hizkuntzaren gaia aipatzen du, nabarmentzeko “euskararen garapena (…) ez dela baliokidea Euskal Herria bere bi aldeetan denbora luzez herrialde hirueleduna izango dela ukatzearekin; eta trantsizio fase horretan sustatu behar dela euskal kulturaren esparruan eraikuntza nazionalaren aldeko sorkuntza-lan hirueleduna, independentzia eraikitzea posible egiteko”.
Artearen autonomiaren ikuspegiaz ahaztu gabe –sorkuntzari funtzio instrumental hori emateak kirrinka egiten du– hizkuntzaren gaiaz jardun nahi nuke. Kultura gure eguneroko praktikek osatzen dutenez, ez dut uste herri honetan inork ukatzen duenik hiru hizkuntza (gutxienez) daudenik. Problema ez da hori, eta uste dut artikuluak arazoa kokatzen huts egiten duela. Kontua ez baita frantsesa eta gaztelania “gure” diren, badira de facto, ez dago euskaldunik beste bi hizkuntza horietako bat menperatzen ez duenik –normalean euskara bera baino hobeto–.
Problema da zer posizio betetzen duten hizkuntza horiek eta horietan egiten diren sorkuntza-lanek Euskal Herriko kulturaren esparruan: ea orain arte bezala, gaztelaniaz eta frantsesez ekoizten dena izango den Euskal Herriko imaginario kolektiboa eraikiko duena eta euskarazko produkzioa izango den diferentzia “autoktono” gisa kontsideratua; ala kontrara, etorkizuneko Euskal Herriaren sormen-hizkuntza matrizea euskara izango den, eta gaztelaniak/frantsesak diferentziaren lekua bete beharko duten.
Proiektu eraldatzailea bigarren hori litzateke, lehenbizikoak gaur egungoaren erreprodukzioa besterik ez baitu ekarriko –40 urte baino gehiagoko esperientzia daukagu ikusten elebidun jaiotzen diren egitasmo kulturalek euskara subordinatzen dutela–.
Hitza erabiltzea eskatzen duten arteetan, euskaraz aritzea iruditzen zait bertako ikuspegi propio batetik proiekzio unibertsala edukitzeko modu bakarra. Baita sistema kultural propioa eraikitzeko berme handiena ere. Letamendiak ez ditu aipatzen, baina hor daude Literatura Unibertsala edo Munduko Poesia Kaierak bezalakoak, munduko puntako literatura lehenbizi euskaraz irakur dezagun; hor dago euskaraz abesten duten zenbait musika talderen nazioarteko errekonozimendua; Shakespeareren Hamleten azken urteetako berrirakurketa probokatzaileena euskaraz egin da, Loreak filma ez aipatzearren. Ez dira, ez horiek ez beste asko, autoktonoaren txokoan geratzeko egindako proposamenak.
Esan al daiteke berdina gaztelaniaz sortu baina euskal esparruan jokatu nahi duten hainbat eta hainbat ekoizpenez? Inpresioa dut horiek bilatzen dutela tokikotasuna gehiago, ez dutela unibertsalaren espazioa helburu, sistema kultural nagusiaren –gaztelaniazkoaren/frantsesezkoaren– diferentzia baskoa izatera mugatzen direlako. Erregimen kultural autonomikoak erakutsi digu bide horrek zer nolako mugak dituen. Beste maila bateko burujabetza planteatzen duenak hori gainditzea proposatu beharko lukeelakoan nago.
Kultura unibertsalak ez du zertan hizkuntza nagusien peajea ordaindu
Gorka Bereziartua
5 Iruzkin
Hizpideak hizpidea dakarrela-eta…
Nik ere autoktonoa/unibertsala dikotomia planteatzea gainditua zegoela uste nuen; baina, antza denez, ez. Dena den, dikotomia honek badu bere logika: elebakarrek ematen diotena. Ziur asko, euskararen ezagutza unibertsalizatu artean horrela ibili beharko dugu ezinbestean, eta behin eta berriz irtengo duen planteamendua izango da pelmada hau.
Baina, Gorka, nola euskal herritarren artean espero baino gehiagotan entzun izan dudan espainola eta frantsesa ere “gure” hizkuntzak direlako kontu hori, utzidazu txorroskiloa ateratzen.
“Gure” horrekin zehazki zer esan nahi duzun jakin gabe, nik behintzat ez dut berehala esango espainola eta frantsesa “gure” hizkuntzak direnik: espainola espainolena (eta argentinarrena, txiletarrena, kubatarrena eta abar) da eta frantsesa frantsesena (eta abar) da. Euskara euskal herritarron hizkuntza den bezalaxe.
Herria hitza bi zentzutan uler liteke euskaraz: “Populu/gizatalde” adieran zein “lurraldea/espazio” adieran.
Alde horretatik, hizkuntza ordezkapena eta ordezkapen horrekiko erresistentzia ematen ari deneko testuinguruetan, uste dut osasuntsuagoa dela “herri”, “gizarte” eta “norbanako” dimentsioak bereizteko aukera egitea, ez egitea baino.
Hizkuntzak gizarteKOAK dira eta herrieNAK dira (uste dut euren unibertsaltasunean, ez direla ohartu “de” partikula horrekin hizkuntza espainolari zein frantsesari ezberdintasun hau ezartzeko zehaztasuna falta zaiela). Eta hizkuntza bat ala bestea norbanakoentzat zer den eta zer ez, norbanakoak esango du, asunto pertsonala delako.
Ordezkapenik bizi ez duten herrietan, ohikoa da gizarteKO hizkuntza, herriaREN hizkuntza eta hizkuntza pertsonala bat etortzea. Gurea bezalako kasuetan, berriz, ez, ez dira bat etorri ohi.
Zuk esan bezala, euskal gizarteetan hizkuntza bat baino gehiago daude. Bidasoaz alde bateko gizarteetaKO hizkuntzak espainola eta euskara dira. Bidasoaz bestaldeko gizartekoa, frantsesa eta euskara. Euskal gizarte espainol-frantses-euskaldun hirueleanitza aipatzea errealitatearen deskripzioa behartzea da. Horrelakorik ez dago.
Dagoena da, adibidez, bere burua euskal herritartzat jotzen duen arren, hizkuntza ordezkapenaren ondorioz, espainolen edo frantsesen hizkuntza erabiltzen dutenak. Edota, adibidez, hizkuntza berreskurapenaren ondorioz, bere herriaren hizkuntza euskara izanik eta elebidun praktikantea izanik, hizkuntza pertsonalen artean espainolari toki berezia gordetzen dioten euskal herritarrak, etxean jasotakoa hori dutelako edo nire inkunbentziakoa ez den beste zeinahi arrazoigatik.
Eta txorroskiloa zergatik atera dudan? Ba, euskal hizkuntzaren erabileraren auziari dagokionez, garrantzitsua iruditzen zaidalako bereizketa hori aintzakotzat hartzea, ala ez.
Zera, gai hau dela-eta, irlandarrez akordatzen naiz. Teorian behintzat, Banville idazleak (Joyce ere kontu honetan soka berekoa zuen, oker ez baldin banago) asuntoa “guk” baino garbiago daukala ematen du): ingelesez idazten du, baina espresuki egiten dio uko ingelesa “ beraien” hizkuntza denik esateari (hori bai, gaelikodun herria ordezkatu ondoren eta emaitzari poesia punttua ipiniz). Hara Banville, Elpaisetik, ingelesari eta gaelikoari buruz:
“Yo soy irlandés, y los escritores irlandeses escribimos en inglés, una lengua extranjera. No nos sentimos cómodos, miramos el lenguaje desde fuera. Cuando leo a Nabokov [de origen ruso] le entiendo perfectamente, porque también escribe inglés desde fuera. Un autor inglés intenta que su prosa sea fácil y transparente, siguiendo el consejo de George Orwell: el texto debe ser como una hoja de cristal. Para mí, para los irlandeses, no debe ser un cristal, sino una lente capaz de aproximar, alejar o distorsionar. Mire, venimos del gaélico, una lengua extraordinariamente evasiva en la que no es posible decir cosas directas. No se puede decir, por ejemplo, “soy un hombre”. Habría que decir algo así como “estoy en mi hombría”. El gaélico es oblicuo y se aleja continuamente de lo esencial, mientras el inglés es lo contrario, va directo al grano. “Esa tensión, nacida a mediados del siglo XIX, cuando dejamos de hablar gaélico y adoptamos el inglés del imperio, generó un lenguaje nuevo y potente. El lenguaje de Wilde, Keats, Shaw, Joyce, Beckett, distinto del inglés de Inglaterra, Estados Unidos o Australia”.
Elkarrizketa osoa:
http://elpais.com/diario/2008/05/03/babelia/1209771552_850215.html
Eta, gainontzean, Letamendia, alde batetik, espainolez, elebakarrei euskal kultura urrezko aro batek bizi duela aldarrikatuz; eta, bestetik, euskaraz aritu ohi garenok espainola eta frantsesa ere euskal naziogintzarako tresna gisa aintzakotzat hartu behar genituzkeela esanez: tira, “urrezko aroari” dagokionez nik beste zerbait imajinatzen dudala alde batera utzita, zer esan? Besteak beste hedabide abertzaleen %90ean erabiltzen den hizkuntzak espainola izan behar duela etsipenez eta errealismoz-edo onartzen dugu-eta, ezin esan ez dakigunik peaje hori ordaindu beharrean izango garela puska batean; baina eskerrik asko Ortziri kontua gogorarazteagatik, honezkero harrotzen hasia izango zen-eta baten bat.
Agur bero bat.
Zer froga argiago espainola zeinen “gure” den, ingelesez idazten duen idazle bat aipatzeko hari egindako elkarrizketa espainolez ekartzea baino, eta hitzez hitz espainolez jartzea euskarazko testuan, erdara hori mundu guztiak ulertzen duela jakitun? Aldizkari aleman, italiar, errusiar baten agertu balitz adierazpena, euskaratu, baina espainola hain da “gure”, guk ukatuta ere
Ño Urtzi, hi ere txorroskiloa aterata, ikusten denez.
Imajinatzen diat hire ustez aukera koherenteak hiru direla: testua euskaraz jarrita ematea; ingelesezko jatorrizkoa bilatzea, edo, bestela ez ematea.
Zer esango diat, ba? Nik ez diat ikusten ezeren froga argirik eman dudanik Banvillen aipuarekin. Badituk arrazoiak aipu guztiak euskarara aldatzeko. Baina baita aipuak momentuan jaso bezala, trakets, emateko ere; zentzuzkoak gainera.
Dena den aitzakia ederra eman duk printzipioen argitasunaren eta eguneroko martxaren praktikak eskatzen duen gehiegizko malgutasun———-gehiegizko zurruntasunaren arteko gradiente horretaz eztabaidatzeko. Aritu beharko diagu noizbait.
Eta deituidak snob nahi baduk, baina aldizkari italiar batean irakurri izan banu, irakurritako hizkuntzan jarriko nian zita. Eta berdin aldizkari katalan, frantses, ingeles edota, ikusi denez, espainol batean irakurri izan banu ere. Orain arte halaxe egin diat, behintzat, espreski aipu horiek euskaraz jartzeko eskatu didatenean ezik. Aldizkari errusiar edota aleman batean ezin izango nikean irakurri, hizkuntza horiek ezagutzen ez ditudalako.
Kasualitatea, egunotan Joxe Azurmendiren “Espainolak eta euskaldunak” liburua berrirakurtzen ari nauk, hogeitabost urte eta gero. Akordatzen aipuena nola zihoan liburu hartan? Niri pizgarria gertatu zitzaidakean.
Azurmendiren ohitura, aipuetan: jatorrizkoa espainola, frantsesa edo ingelesa bada, bere horretan (beste erromantzeekin ere berdin: italiera, portugesa, nahiz gutxiago agertu); aldiz, alemanezkoak euskaratu egin ohi ditu. Batzuetan, esku artean zeukan bibliografia jatorrizkoa ez zenean, salbuespenak.
Aukera bat da, noski. Testu jaso baten agian maila bat eska dakioke irakurleari. Baina beti aintzat hartu behar da kasu horretan balizko euskaldun elebakarrari ateak ixten dizkiogula, onartzen dugula beharrezko dela espainola jakitea gure testua ulertzeko.
Kasu honetan ingelesez egin eta espainolez argitaratutako elkarrizketa batez ari gara. Egonda nago unibertsitateko eskolaren baten, (ikasle lapurtarrak ere tartean), eta irakasleak autore frantsesen testuak espainolez eman.