Historia berridatzi beharra dago, bestela honelakoak beti bigarren planoan geratzen dira eta ez da batere justua. Leire Lopez Ziluagari esker jakin dut Marlene Marder hil zela joan den igandean. 61 urte zituen eta Kleenex taldeko gitarra jotzailea izan zen 1978tik.
Suitzako taldeak izena aldatu behar izan zuen urtebete geroago, mukizapiak egiten dituen enpresaren kexak behartuta: LiLiPUT bihurtuta jarraitu zuten 1983an desagertu arte.
Bi disko, EP bat eta zenbait single utzi zituzten. Ibilbide laburra, taldekideen egoera pertsonalak behartutako hausturaren aurretik: 1998an egin zioten elkarrizketa honetan Marderrek azaldu zuenez, Astrid Spirit abeslaria haurdun geratzea faktore determinantea izan zen taldearen amaieran (“Bukaera klasikoa. Bere erabakia izan zen, %100 egon nahi zuen haurrarentzat, taldearentzat %100 egon zen bezala. Beraz, hori izan zen guztia”).
Guztia? Inola ere ez. Gitarrak gorde zituzten, baina haien eragina ez da nolanahikoa izan geroztik, bereziki post-punkaren eremuan, nahiz eta, hasieran esan dugun moduan, kosta egiten den horrelako taldeak lehen planora ekartzea. “Post-punk” entzun eta bururatzen zaizkidan taldeak sekulako zakil-festa dira. Ariketa kontzientea izan beharko da hori aldatzea. Bestela, atzera begira jartzen garenean honelako harribitxiak galduko ditugu.