Ondo irakurri kontraindikazioak

Gorka Bereziartua
0

'Borgen' telesail daniarrean ezaguna egin den Sidse Babett Knudsen da film frantziarreko protagonista.
‘Borgen’ telesail daniarrean ezaguna egin den Sidse Babett Knudsen da film frantziarreko protagonista.

Pattal hasi da 2016ko Zinemaldiko Sail Ofiziala, Emmanuelle Bercot zuzendari frantziarraren La fille de Brest filmarekin. Hainbat pertsonaren heriotza eragin duen botika baten aurka Bretainiako mediku batek egindako borroka kontatzen du benetako gertakarietan oinarritutako lan honek.
Steven Soderberghek 2000. urtean zuzendu zuen Erin Brockovich ekar dezake gogora planteamenduak: emakume kementsu bat botere handia duen konpainia farmazeutikoaren kontrako ikerketa abiarazten. Konparazioan galtzen ateratzen da ordea, nabarmen, pertsonaia nagusiak izan behar baitzuen puntu indartsuenetakoa, eta pentsatzen dut horregatik eman diotela papera Sidse Babett Knudsen aktore daniarrari (Borgen telesailarengatik ezaguna azken urteotan); baina hain zuzen, haren antzezpen histrionikoa gehiegizkoa gertatzen da, narritagarria, bukaerara hurbildu ahala gutxixeago molestatzen duen arren.
Errealizazio aldetik bazkalosteko telefilme baten tankera dauka. Tentsioa eskatzen duten eszenei indarra falta zaie, tonuarekin oro har ez dutela asmatu esango nuke (batzuetan sartu nahi duten komedia ukitu hori, guztiz alferrikakoa), pertsonaiak oso lauak dira eta kontatzeko dagoena kontuan izanda, ordu erdi gutxiagorekin ere aski izango zuela esatea ez da gehiegikeria.
Horiek film honen kontraindikazioak. Edozein zalantza izanez gero, galdetu botikan.
SAIL OFIZIALA
La fille de Brest
Zuzendaria: Emmanuelle Bercot

Aktoreak: Sidse Babett Knudsen, BenoƮt Magimel Frantzia
128 minutu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA