Hiltzaileez eta konfiantza faltaz

Gorka Bereziartua
0

Hiltzaile baten bilaketa hiru istoriorekin uztartu du ekoizpen japoniar honek.
Hiltzaile baten bilaketa hiru istoriorekin uztartu du ekoizpen japoniar honek.

Hiru istorio uztartuz, Ikari film japoniarrak susmoz beterik mantentzen du ikuslea filmak irauten duen bi ordu eta hogei minutuetan. Hiltzaile baten bilaketa abiapuntu duen lan honekin tematika ugari jorratu ditu Lee Sang-il zuzendariak.
Generoko film baten antza hartu diogu Ikariri hasieran: poliziak etxe batera sartzen, bi gorpu eta tomate asko. Hiltzailea identifikatuta, haren erretratu-robota zabalduko dute audientzia handiko telebista saio baten bidez. Hiltzailearen deskribapen fisikoa zehazgabea izatea baliatuz, euren jatorriaz hitz egitea saihesten duten hiru pertsonaiaren ibilerak kontatzen ditu pelikulak, hiltzailea hiruretako nor den amaierara arte argitu gabe.
Nolanahi, ez da film poliziako bat stricto sensu, mota horretako filmetan ohikoa den bezala amaieran “korapiloa askatzen” diguten arren, pelikulako hiru hari narratiboek beste hainbat gairi buruz ikuspuntu interesgarrietatik aritzeko aukera eman baitiote zuzendariari: emakumeen aurkako indarkeria, prostituzioan aritu direnek jasaten duten presio soziala, homosexualitatea publikoki aitortzeko zailtasunak, bikote barruko konfiantza eta pertsona batek bere iragana ezkutatzeko izan ditzakeen motibazio diferenteei buruz ari zaigu film hau, besteak beste.
Esango duzue, eta egia da, metraje horrekin Sang-ilek gai horiek guztiak eta beste asko lantzeko denbora izan duela. Baina istorioa koherentziaz kontatzen asmatu du eta ikuslea jakin-minez mantentzen ere bai eta hori, Sail Ofiziala bukatzear, ez da lorpen txikia.
SAIL OFIZIALA
Ikari
Zuzendaria: Lee Sang-il
Aktoreak: Ken Watanabe, Mirai Moriyama, Kenichi Matsuyama, Go Ayano, Suzu Hirose, Aoi Miyazaki, Satoshi Tsumabuki
Japonia
144 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA