“Hainbestekoa da konexioa,
bat egiten dutela
eusko nazi estiloko
orrazkeran ere”
Gloria Vazquez, Zarauzko parekidetasun zinegotzia
(Anna Gabriel CUPeko parlamentariaren orrazkeraz, Facebooken)
Prezio ona edukiko du “nazi” hitzak deskalifikazio politikoen ferian, bestela ez da entenditzen hainbeste jendek erabiltzea. Igual du zein den eztabaidagaia, kezka handirik ez orrazkera bezain gauza hutsala jartzeko zenbait milioi pertsona hil zituen partiduaren pare. Kontua da, merkezurreko merkantziak ez direla fidatzekoak izaten, eta Zarauzko parekidetasun zinegotzia den Gloria Vazquezi eskuetan lehertu zaiola reductio ad hitlerum globo hau, batek baino gehiagok galdetu duenean, ez arrazoi gutxiz, ea zer ari den emakumeen eskubideen alde lan egiteko dagoen hautetsia beste emakume baten ilearen kontura barrez. Txof. Zipriztin biralak. PSEko kidea ekaitz marroiaren erdian.
Ai, sare sozialak: Goebbelsek kargatzen ditu. Edo haren estilistak.
Egiazki, Vazquezi pasa zaiona edozeini gertatzen ahal zaio, zeren aspertuta zaude sofan Jorge Javier ídem-i begira, baina ez daukazu lotarako gogorik, eta politikari baten deklarazioak ikusten dituzu, horrek motibatzen zaitu “atsegin dut” erraz batzuk lortzeko hura digitalki larrutzera, eta ez duzu asko pentsatzen pijama jantzita daukazun arren, telefonoaren beste aldean espezie ugaritako fauna publikoa ari dela irakurtzen. Edozeinek ez dauka ordea partidu politiko bat, modu horretan kakaztu duzuna estaliko duena espantuka salatuz zure aurkako “jazarpen kanpaina” bat, iritsi dena, adi egon, “irain pertsonaleraino” –nota bene: Vazquezek “nazi” idatzi zuen, baina kariñoarekin–.
Bueltaka dabil kontua abuztu hasieratik, zinegotziak hanka sartu zuela onartzen ez duelako. Umekeria politikoaren terrenoan sailkatuko litzateke, umeek ere ardura handiagoz jokatzen dutela jakingo ez bagenu.
1 Iruzkin
Kontua hackeatu ziotela esan izan balu, sikiera…
P.D. Gaur ileapaindegian izan omen da, Hola aldizkaria eskuan, orrazkera apolitiko bat aukeratu nahian. Antza, aukera zabalegia zuen eta estresai jota etxera itzuli da betiko itxurarekin.