Azkena Rocken emakume musikari gehiago eskatzeak eragina izan duela dirudi

Gorka Bereziartua
0

Joan Jett izango da 2018ko Azkena Rockeko izarretako bat.

Joan Jett & The Blackhearts taldea iragarri du Azkena Rock festibalak 2018ko ediziorako. Kontuak ez luke beste munduko misteriorik, dagoeneko ohituta baikaude mota honetako ebentoetan ia urtebete lehenago salgai jartzen diren bonoetara eta tantaka baieztatzen diren artista-zerrendetara; baina ikusirik jaialdiak egin duen lehen konfirmazioetako bat dela –The Beasts of Bourbon iragarriz ireki zuten meloia ekainean–, bat baino gehiago akordatu da 2017ko edizioaren inguruko polemikaz.

Enteratu ez bazinen, parrafo bat: antolatzaileek atera zuten aurtengo kartel definitiboa, emakumezko artista bakarra ageri zen, sare sozialetan zeresana eman zuen –diru publikoa tarteko egonda nola zen posible galdetu zuten askok– eta Gasteizko Udalak erabaki zuen berdintasun-klausulak ezartzea festibalari. Nolanahi, jarrera instituzional horren aurrean, Alfonso Santiago ARFeko zuzendariak bazeuzkan aitzakiak: pop festibaletan errazagoa dela emakumeak lortzea, debateak ez zeukala fundamenturik… Eta asko zain geratu ziren, ea hurrengo ediziorako parekidetasun eskaerek harrera baikorragoa izango ote zuten.
Joan Jett iragartzeko antolatzaileek erabilitako hitzak irakurrita –“Rockaren historiako figura ikonikoetako bat da eta erreferente bat musikan leku bat hartu duten emakume askorentzat”–, badirudi eragina izan duela aurten Gasteizko musikazale batzuek egindako protestak.
Aipatutako The Beasts of Bourbonez gain, gainontzeko konfirmazioak honakoak dira nolanahi: The Dream Syndicate, Nebula, Sol Lagarto, The Allnighters eta Tutan Come On. Zorte ona opa diot horien artean emakume bat bilatzen hasten denari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA