Sail Ofizialaren azkenaurreko egunean izen bat nagusitu da: James Franco. Zuzendu eta protagonizatu duen The disaster artist filmak publikoaren algarak eragin ditu, “historiako filmerik txarrena” izateagatik ezaguna den The room pelikularen inguruko komediari esker. Zineari buruzko ariketa auto-erreflexiboen eguna izan da Zinemaldiko zazpigarren hau.
Gauzak egin daitezke ongi, oso ongi eta bikaintasunez, eta beharbada maila horretara iristen diren artelan batzuk gogoratuak izango dira denborarekin. Baina gauzak egin daitezke gaizki ere; edo oso gaizki; edo 2003an Tommy Wiseauk estreinatu zuen The room filma bezain modu desastrosoan. Eta batzuetan, gauza benetantxarrak egiteagatik ere lortzen du sortzaile batek denboraren epai zorrotza gainditzea.
Estreinatu zenean The room-en “erabateko zentzugabekeria” aipatu zuen Variety aldizkariko erreseinak. Bada esan duenik filma “buruan labankadak jasotzea” bezalakoa dela. Eta noski, hain espektakulu tamalgarria iragarrita, askoren arreta deitu zuen, kultuzko lan bihurtzeraino. Gaur egun irabaziak ematen dituen filma da oraindik, mundu osoan antolatzen diren proiekzio alprojei esker.
Francok asmatu du frakaso artistikoaren inguruko komedia eraginkor bat pantailaratzen eta Wiseau friki nartzisistaren larruan sartzen, hesteak botatzeko moduko momentuak dauzkan ekoizpen honetan. Nahiko modu konbentzionalean errodatua dago, baina lortzen du The room filmaren eszena patetikoenetako batzuk ia-ia berdin erreproduzitzea, eta hori ere meritu gisa zenbatu behar da, izan ere, nahita horrelako sekuentziak lortzeak askoz zailagoa izan behar du, nahi gabe egitearen aldean.
Zinematik eta zinemaz
Film baten errodajea da Nobuhiro Suwa zuzendariaren Le lion est mort ce soirfilmeko motiboetako bat: Jean aktore beteranoa -Jean-Pierre Léaud- ikusiko dugu errodatzen hasteko puntuan, bere heriotza antzezteaz gogoetan. Aspaldi bere maitalea izan zen emakumearen etxera joango da eta, han dabilela, kamera batekin jolasean ari diren ume talde batekin egingo du topo. Baita bere gazte-denboretan maite izan zuen emakumearen oroitzapenekin ere.
Ez dakit egin duen antzezpenaren bidez Léaud-ek adineko aktore baten dekadentzia islatu nahi izan duen, ala kontuak ez duen beste konplikaziorik eta, sinpleki, Sail Ofizial honetan ikusi dugun antzezpen protagonista eskasenetako baten aurrean gauden: bizitzaren momentu hain erabakigarrian iraganarekin konektatzen duen pertsonaia hori, kafeinarik gabe eta hoztuta zerbitzatu digutela iruditu zait, aukera onak zeuzkan pelikula bati indarra kenduz.
Kontrastean, arreta deitzen du umeen antzezpenak, zeinak erdi-inprobisatua dirudien momentu batzuetan eta nire ustez lortzen duen sinesgarritasun-puntu egokia. Pena da zahartzeaz, oroitzapenez eta zinema egitearen gozamenaz hitz egin nahi duen film hau erdibidean geratu izana.
Ostegun goizean lehiatzera atera den beste filma Antonio Mendez Esparzaren Life and nothing more koprodukzio espainiar-estatubatuarra da —ez nahastu Kiarostamiren izenburu bereko filmarekin—, esaten dutenez aurrekontu txiki samarrarekin egina eta aktore ez-profesionalekin.
Istorioak Sail Ofizial honetan ikusi dugun Sollers point ekartzen du gogora: legearekin problemak dituen mutil gaztea, bizitzan bide zuzenetik joan nahian. Diferentziak ere begi-bistakoak dira: kasu honetan familia afro-amerikar bat dugu protagonista, mutilak ez dirudi Matthew Porterfield-en filmekoak bezain, tira, ergela -uste dut hori dela haren portaera deskribatzeko hitzik zehatzena- eta gainera, gaztearen istorioa baino, haren amarena da hau.
Errealizazio aldetik tonu lehorra dauka, dokumentaletik gertu dagoena eta niri behintzat eraginkorra iruditu zaidana. Kontua da, ukitzen dituela hari tematiko asko —nerabezaroa, kartzela, gurasoen harremanak, sistemak jartzen dituen oztopoak, film osoan atzeko musika gisa dagoen AEBetako politika…— eta ez duela ezertan gehiegi sakontzen, istorio konkretu bat kontatu beharrean, Estatu Batuetako komunitate baztertuen problematikaren lagin bat erakustera mugatuz. Eta hori jada oso ikusia dago. Film hau, txarra ez den arren, berehala ahaztuko dudalakoan nago. Egitea zuten gogoratzeko moduko desastre bat Wiseauk bezala.
1 Iruzkin
[…] Francoren The disaster artist-ek irabazi du Urrezko Maskorra, frakaso zinematografikoari buruzko pelikula dibertigarri batekin, zeinak, harrera oso ona izan duen arren, ez zeukan lekurik kiniela gehienetan. Komedia batek […]