Inporta duena, azkenean, pelikulak dira: aitortu beharko da, behin Donostiako Zinemaldiaren 65. edizioa bukatuta, aurtengo Sail Ofizialaz ez geneukala aurreikuspen onegirik, apenas baitzegoen zuzendari ezagunik lehiatzen ari ziren filmen artean. Eta festibalaren lehenbiziko egunetan, pelikula bat ikustetik irten eta hurrengorako ilaran, entzun izan da prentsak ez ziola beste urteetako jarraipenik egingo –“honek ez du saltzen” eta antzeko arinkeriak esaten ditugu batzuetan–. Asteak aurrera egin ahala, ordea, batezbesteko maila onari buruzko komentarioak nagusitzen joan dira –kazetari honek gogoratzen dituen edizioetatik, izan ere, akaso aurtengoa da Sail Ofizialean proposamen interesgarrienak izan dituena–.
Palmaresa eskuan, hiru dira nabarmentzeko kontuak:
Bat: James Francoren The disaster artist-ek irabazi du Urrezko Maskorra, frakaso zinematografikoari buruzko pelikula dibertigarri batekin, zeinak, harrera oso ona izan duen arren, ez zeukan lekurik kiniela gehienetan. Komedia batek askotan izaten du handicap-a sariei begira, badirudi oraindik tonu larriek metro batzuetako aldearekin egiten dutela korri festibaletan. “Historiako pelikularik txarrena” ei den The room-en errodajea pantailaratuz, Francok aldarrikatu du gaizki egindako ekoizpenek zinemaren historian merezi duten lekua.
Bi: Emakumeen Sail Ofiziala izan da aurtengoa. Besteak beste, buruhauste handiak izango zituen epaimahaiak emakumezko aktore onenaren saria nori eman erabakitzeko, maila apartekoa izan baita. Azkenean Argentinara joan da, Sofía Galak Alanis filmean jokatu duen prostitutaren rolagatik; eta film beraren zuzendariak, Anahí Bernerik, irabazi du zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra ere. Sari-emate ekitaldian esan zutenez, lehenbiziko aldia zen emakume batek sari hori eskuratu zuena. Ez da hala, bigarrena da 2004an saritu zuten Xu Junglei-ren ondoren. Baina 65 edizio bete dituen jaialdi batean, datuak balio beharko luke eztabaida abiatzeko: ez ote dago joera maskulinizatzaile nabarmen samarra kalitate zinematografikoa baloratzen denean?
Hiru: Aitor Arregiren eta Jon Garañoren Handia-k Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu du. Euskarazko lan batek inoiz ez zuen horrelako errekonozimendurik jaso Donostiakoaren maila daukan zine-jaialdi batean. Moriarti etxeko egileek hazten jarraitzen dute, gure XIX. mendeko istorio baten unibertsaltasuna aldarrikatuz, bere-berezkoa duten filmak egiteko estiloa galdu gabe. Kontu batek mingostu zuen, pixka bat, sariaren poza: Garañok aurreratu zuen beraien hurrengo proiektua Andaluzian koproduzitua izango dela, gaztelaniaz. Egileen hautua da, errespetatzea besterik ez dago; baina balio du gogora ekartzeko gure zinegile puntakoenek ere ezin dutela beti hemen eta euskaraz lan egin. Eta erakunde publikoek badute ardura bat horretan, haiei dagokie erraldoi honen oinak buztinezkoak ez izatea.