“Laburbilduz, txistea da Otegiren alarguna eta Arzalluzena bazkaltzen ari direla eta… Nola jarraitzen du txisteak? Ez naiz akordatzen, baina ondo hasten da, e?”. 2002. urtea zen, Javier Vizcaínok jasota utzi zuen Cocidito madrileño liburuan: COPE irrati kateko esatariak suelto barrez Jose Maria Aznarrek ministroen kontseilu batean kontatu omen zuen grazia kuneteroarekin. Nik dakidala, irratiko tertulianorik edo Espainiako presidenterik ez zuten enpapelatu buruzagi politikoen heriotzarekin lardaskan aritzeagatik.
Batek ez duela bestea kentzen, ados, ez dagoela ondo erremateko mazoa jaso duenaz trufatzea. Baina ezer baino lehen, esan behar da broma guztiak ez direla berdin jujatzen, ez baita moral kontua, botere-afera baizik –nork zigor dezakeen, nor ez duten inoiz zigortuko; noren kontra egin daitekeen karkara eta noren kontra egiteagatik buka dezakezun barrote arteko gerizpean–.
Pauso bat harago egin dezagun baina: eta bai, gutar bati mannequin challenge eternora jostatzea tokatzen zaionean molestatzen du txisteak, orduan ikusten dugu iraina, gorrotoa eta, toga edukiz gero, apologia. Sufritzen duena beste familia politikokoa bada, enpatiarako aurrekonturik ez. Denon miseria, noski; normalizatutako praktika manikeo askoren emaitza, ordea. Horiek aldatzen ez diren bitartean, alferrik bidaliko dituzu San Luisen ehun mila semeak txiste biral baten kontra.
“Florentziarrak saiatu izan balira euren bizilagunak erakartzen, beldurtu ordez, bide legalekin edo laguntza emanez, gaur egun izango ziren, zalantza barik, Toskana osoko jaunak” idatzi zuen Nikolas Makiavelok. Uste dut Zoidok hasi gabe daukala liburu hori mesanotxean.