‘The Square’ ona da, baina ez galdu Östlunden aurreko filmak

Gorka Bereziartua
0

 
Urteko filma izateko kiniela guztietan agertzen ari da Ruben Östlund suediarraren The Squareexcursus: bai, Euskal Herrian Handia-ri baimena eskatu behar dio txapela hori janzteko; eta Katalunian, gure bigarren aberri horretan, Estiu 1993-ri; baina tira, ulertzen da zer esan nahi dugun–. Arte garaikideko museo bateko zuzendariaren erretratu sardoniko honek Cannesen hasi zuen ibilbide loriatsua eta joan den asteburuan Europako Filmen sariketatik sei estatuatxorekin atera ziren pelikulako kideak.

Dekadentzia da istorioaren muina: posizio sozial oneko gizon zuriarena, hasteko –kartera baten lapurretak, hain gauza ziztrin batek, desorekatzen du Christian protagonista (Claes Bang)–; baina baita instituzio kultural garaikideena, giza-harremanena, familiarena eta, zerrenda gehiegi ez luzatzeko, gizarte burges osoarena.
Sketch sorta bat bezala egituratua, itxuraz seguruak diren estamentu horiek hausten ikusiko ditugu bata bestearen atzetik ironia handiz osatutako eszenetan. Zaila egiten zait denen artean bat aukeratzea, baina grazia berezia egin zidan protagonistaren eta berarekin oheratzen den emakume baten artekoak, zeinean, larrutaldia bukatu ondoren, museoko zuzendariak ez dion emakumeari eman nahi esnez betetako kondoi korapilatua, Boris Becker bat egingo dion beldurrez-edo. Jarrera aski kutrea da, baina gainera eszena luzatu egiten da azpiko tentsioa nabarmenago eginez, protagonistaren patetismoa norainokoa den erakutsiz.
Kontua da The Square ikusi ondoren Östlundek hamarkada honetan zuzendu dituen beste bi lanak, Force majeure eta Play irentsi behar izan nituela. Tabakaleran ziklo bat eskaini zioten 2015ean filmografia osoa errepasatuz, baina eskapatu egin zitzaidan eta pena da, uste baitut aurreko bi filmetan behintzat badirela tropo batzuk The Square-n igartzen direnak, baina modu eraginkorragoan planteatuak.

‘Force majeure’ filmak familia baten inplosioa kontatzen du.

Film borobilagoak iruditu zaizkit, batez ere Force majeure. Opor egun batzuk eskiatzen pasatzera joan den familia baten inplosioa kontatzen du: ustez ondo neurtuta probokatu duten elur-jausi batek eski-estazioko terrazan bazkaltzen ari diren guztiak ikaratuko ditu eta senarrak, haurrak babestu ordez, korrika ihes egingo du. Emaztearekin duen harremana gainbehera hasiko da une horretatik aurrera. Berriz ere alfa-matxoaren ahulezia eta dena daukan jendearen eguneroko miseria, kasu honetan paisaia elurtua bikain erabiliz pertsonen arteko harreman izoztuak islatzeko –Östlund eski-filmak egindakoa da film luzeetara pasa aurretik eta sumatzen zaio ibilbide hori pelikulako eszena askotan–.
Ume dirudunak eta ume pobre migranteak: marko diskurtsibo gaiztoa jartzen du ‘Play’ filmak hasieran.

Play-n berriz, umeak dira protagonista: ume dirudunak eta haiei lapurtu nahi dieten ume pobre migranteak. Filmak marko diskurtsibo nahiko kabroia ezartzen du ia metraje osoan, ikuslea paratzen baitu posizio sozial oneko pertsonaien alde eta, beraz, haur migranteen kontra, hauek gaizkile-talde bat bezala portatzen baitira, beraiek bezain oldarkorrak ez diren umeak merkatalgune batean ehizatu ondoren. Filmak amaieran beste zerbait erakusten du ordea –lasai, spoilerrik ez–, zintzoen eta gaiztoen eskema sinplista guztiz hankaz gora jarriz eta bizi garen gizarteetako desberdintasun sozialen ondorioak gordinki planteatuz.
“Gustatzen zaidanak antza du natura filmatzen dutenek zenbait dokumentaletan egiten dutenarekin. Izugarri maite dut enfoke hori giza-natura aztertzerako orduan”, azaldu zion zuzendariak Caiman aldizkariari, azaroan publikatu zen elkarrizketa batean. Galdera-erantzun horien artean atera zen maiz egin izan dioten konparaketa ere: Michael Haneke berria da Östlund? “Asko gustatzen zait Haneke. Filmak egin nahi izatearen arrazoietako bat da publikoari aurka egiten diodala sentitzea, berak bere zinearekin egiten duen bezala”, esplikatu zuen.
Nolanahi, Hanekeren antza duten beste zinegile batzuen aldean –Zinemaldian Playground-ekin astindu gintuen Bartosz M. Kowalski datorkit gogora–, Östlund ez da hain, nola esan, biolentoa. Azken hiru filmetan eszenak tenkatzen abildadea duela erakutsi du, bai; eta normaltasun burgesaren azpian ezkutatzen diren pultsio ilunenen lagin bat eskaintzera iristen da. Baina Haneke ez bezala, haren azken filmak ez dira indarkeriaz beteriko leherketekin amaitu zaleak.
Portzierto, Euskal Herrian Östlundena bezalako zinemak erabateko zentzua edukiko lukeela uste dut. Ez al du, izan ere, The Square filmeko museoak martxan jarri nahi duen konfiantza eta elkarbizitza marko horrek antz pixka bat inguruotan egiten diren ekimen buenista askorekin? Gizarte honen azpitik oraindik korritzen duten ur zikinek mereziko lukete mota honetako film batekin txorrotan ateratzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA