Zonbi batekin bizi

Gorka Bereziartua
0

Berak ezin zuen ezer egin, ez zen bere eskumenekoa. Joseba Tapiaren Real politik entzuten da lerro artean, joan den igandeko Berriak Marisa de Simoni egindako elkarrizketan. Ez zeukatela beste aukerarik, aizue. Fenomeno meteorologikoa balitz bezala: isobarak, fronte hotzak, ziklogenesiak eta euskaldunak diskriminatzen dituen sistemaren alde bozkatzea erregimeneko alderdiekin batera –bidenabar, aldaketaren indarrei, gehiengo sindikalari eta euskalgintzari bizkarra emanda–.
Irakurri berriz: “Beste aukerarik ez genuen izan”. Ezetz? Kazetariak galdetzen dionean ea zergatik ez zuten abstentziora jo, elkarrizketa sketch bihurtzen da, Benny Hill-ek famatu egin zuen generokoa, zeinean ikus dezakezun politikari baten hanka-jokoa kamera azkartuan, aski modu komikoan, atzetik segika dauzkan galdera deserosoei iskin egin ezinda.
Aldaketaren gobernuak lau gurpil baditu ere, Izquierda-Ezkerrarena presio-problemak izaten ari da maizegi. Zenbaiten ustez, arazoa CCOOren balbula da: belarria gerturatzen baduzu ZZZzzzZZZzzz konstante bat entzuten da eta, galtzen den haize hori dela-eta, ez dakizu noiz utziko zaituen autoak bide bazterrean botata.
Bada problemaren irakurketa haragizkoagoa egiten duenik ere. Alegia, Xabierko San Frantziskoren beso ustelgabeak santuaren gorpuari biziraun omen zion bezala, hor segitzen duela Nafarroako erregimenak euskararen kontra zeukan jarreraren zati batek, UPSNren txitxi kirastuen ordez eraikitako alternatiban. Biek, besoak eta erregimenaren kondar horrek, hozki pixka bat ematen dute eta berez hobe leudeke hozkailu batean sartuta, publikoari diosal egiten baino. Baina ei, Nafarroari buruz ari gara: hemen batzuetan ez dago zonbiekin bizitzea beste erremediorik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA