Politika mutantea

Gorka Bereziartua
0

Normal zegoen ba, ez zitzaion ezer arraroa nabari. Pedro Sánchez etxetik atera zenean, bere maskotak betiko nazionalismo autonomista izaten segitzen zuen, platertxotik azken Royal Canin pentsu apurrak gogo biziz janez. Zepillatu berria zuen, estatutua txukun-txukun utzia zion Alfonso adiskidearen esku sendoek lagunduta. Polit zegoen, begi bat ixten zuen jolastu nahi bazuen.
Baina etxera bueltatzean egongela aurkitu du Tasmaniako deabrua bertatik pasa izan balitz bezala: sofan zeuzkan kuxin polit horiek destripatuta, plasma-telebista lurrean pitzatuta –“joder, oraindik pagatzen ari nintzen”, pentsatu du Pedrok–, kristal puskak nonahi, lokatza, atzapar arrastoak paretetan, sabaian. Kristo bat ikaragarria. Etxe osoa horrela ote dagoen begiratzera egin du. Baina gelditu egin da. “Eta nire gelan balego?”. Soinua entzuten da han, pasilloaren bestaldean, norbait –zerbait?– dabil, eta Miquel Iceta izan daitekeen arren, ez da Queen-en musikarik entzuten, datorren hots hori ez da dantza apoteosiko batean murgilduta dagoen PSCko liderrarena. Ez, etxea puskatu dion piztia mutantea da. Bere maskotatxoa.
Korrika atera da eskaileretan behera; portaletik atera eta noraezean hasi da, zer gertatzen den esplikatuko dion norbaiten bila. Baina jada ez du jenderik ikusten kalean, mutante gehiago baizik: Albert Riveraren aurpegia daukaten pizza banatzaile, eskolako ume eta udaltzainak, irribarre kirurgiko batekin kalean gora eta behera; eta beste etxe batzuk Espainia bezain puskatuta, maskota mutante gehiagoren obra inondik ere.
Pedro Sánchezek ez du ezer ulertzen. Eta hori, partidu politiko bateko buruzagia zarenean, problema handi samarra da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA