Otsoak hazteaz

Gorka Bereziartua
0

Kontu onik ez biolentziaren monopolioa haserre dabilenean: gaiztotuta dago giroa Ertzaintzan otsailaren 23an agente bat bihotzekoak jota hil zenetik Athletic-Spartak partiduaren atariko istiluetan. Letaginak erakutsi dituzte 200 agentek baino gehiagok EAEko Legebiltzarraren aurrean martxoko lehen egunean, orroka eskatu dute Estefania Beltran de Heredia sailburuaren dimisioa eta, Zadorra Gasteiztik pasatzen dela probestuz, Jone Goirizelaia EH Bilduko parlamentariak ere entzun ditu bere kontra saingaka –Goirizelaia Iñigo Cabacasen familiaren abokatua delako, segur aski–.
Ulertzen da Ortuzarren adierazpena beraz, ez baita ohikoa ertzainak horrela jokatzen ikustea ordezkari politikoen aurrean. Itxoin. Bota atzera azken esaldia, hitz bat falta da eta: ez da ohikoa ertzainak horrela jokatzen ikustea ordezkari politiko batzuen aurrean, beste batzuei okerragoak egitera iritsi baitira atzo goizean bertan, bestela gogoratu zergatik bukatu zuen burutik odoletan Amalur Mendizabal Amaiur koalizioko senatariak 2013an Hernanin –oraindik orain bi urteko kartzela ezarri diote Mendizabal jo zuen ertzainari eta Jaurlaritzak gehiegizko zigortzat jo du, Segurtasun sailburuordea den Josu Zubiagaren bidez–.
Lotsa ez, beldurra sentitzen du askok “herritarrak babesteko eginkizuna dutenak” eszenan agertzen direnean, egin dezaketenarengatik bezainbeste, “beraien legezko ordezkariek” joera daukatelako egingo duten ia edozer zuritzeko. Beraz, hau ez da Ortuzarrengandik espero genuen adierazpena: polizia autonomikoarekin momentu honetan daukaten problema urtetako politika desegokien emaitza txiki bat baino ez da. Otsoak hazten dituenak, orain edo gero, haginkadaren bat jasotzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA