Kartolak jantzita

Gorka Bereziartua
3

Bergarako Martxanterak talde feministak eman dizkion erantzunengatik iritsi naiz Oihan Vegaren iritzi-artikulu batera, “M8, eta orain zer?” du titulua, pixka bat Leninen Zer egin? hura bezala, baina komunismorik gabe, zeren komunismoak ere ez baitu, Vegaren esanetan, matxismoa desagerrarazten –Twitterren irakurri diot erromeriako esplikazio hori, artikuluak eragindako polemikaren erantzunetan–, eta beraz, galdetzen du –berriz ere artikuluan–, zergatik salatu behar den kapitalismoa greba feminista batean edo zergatik uztartu nahi duten ekologismoarekin; eta gero pasatzen da txalotzera Osakidetzan, hezkuntza sisteman eta EITBn jada lortuta dagoen “erabateko berdintasuna”.

Sudurzuloak itxi behar izan ditut, urtu berri zaidan burmuina mahaian barrena ez isurtzeko. Lasai, hau irakurtzen ari zarenerako bueltatu da materia grisa egoera solidora.
Idatzi aurretik galdera batzuk egiteak eragotzi zezakeen iritzigintzaren frakaso hau. Adibidez: EITBn “erabateko berdintasuna” lortu bada, zergatik atera ziren kalera M8an EAEko irrati-telebista publikoko Vegaren lankide pila bat, gainontzeko emakume feministekin batera, planto egitera? Pista: erantzunik bururatu ezean, lankide horiei galdetu. Galdetu gehiago, galdetu dena: aldarrikapen feministak zer daukan ikusteko ekologismoarekin? Ez al dira emakumeak hondamendi ekologikora bidean den mundu honetan bizi, horri buruz zeresana edukitzeko? Kapitalismoa zergatik aipatzen duten? Agian egunero haren ondorioak jasaten dituztelako, bikoiztuta, ordaindu gabeko lanen zama euren gain hartzen dutelako?
Duela hiru asteko grebak aldaketa handi eta txiki askoren premia eraman zuen kalera. Gauzei begiratzeko kartola maskulinoak kentzea da, segur aski, gizonezko gehienok egin behar dugun lehenbizikoa.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA